Oñati Palestinarekin herri plataformak egindako deiari erantzunez, hainbat lagun elkartu dira 11:30erako Foruen enparantzan, handik Kalegoienarako bidea elkarrekin egiteko; Palestinako banderak, kamisetak edota bufandak soinean zituztela eta trikitilariek lagunduta osatu dute ibilbidea.

Nakbaren 78. urteurrena
Behin Kalegoienara iritsita, hitza hartu dute herri plataformako kideek, joan zen maiatzaren 15ean Nakbaren –Nakba hitzak hondamendia esan nahi du arabieraz– 78. urteurrena izan zela gogora ekarriz. Egun horretan sortu zen Israelgo Estatua eta hasi zen erbestealdia; palestinarren egutegiko datarik garrantzitsuena da, eta protestekin eta manifestazioekin gogoratzen dute, urtero.
"Gaur egun, gerrak, okupazioak, garbiketa etnikoak eta genozidioak jarraitzen" dutela salatu dute, "horiek ikustera ohitzen ari" garela erantsi, eta "modu kolektiboan erantzutea beharrezkoa" dela esanez amaitu.
Poesia-errezitaldia
Errazagoa litzateke ezer ez egitea esanez hasten den Itziar Ugarteren poesia-errezitaldiaz gozatu dute segidan, eta liburuxka bat banatu dute bertaratu direnen artean; Pernan Goñik egindako azala, eta, barruan, Ugarteren poesiak ez ezik palestinar poeta batzuenak ere jasotzen dituen liburuxka.
Olibondoa eta plaka
Ostean etorri da ekitaldiko une gorena: Palestinaren ikur nagusia den olibondo baten landatzea, eta euskaraz eta arabieraz Palestina lorategia irakur daitekeen plakaren bistaratzea. Txaloz, kantuan eta Palestina askatu oihukatuz erantzun dute herritarrek.
Berdeguneari Palestina lorategia izena ipinita, "aurrerantzean Oñatin Palestinaren zatitxo bat izango" dutela adierazi dute antolatzaileek, "herri hori jasaten ari den zapalkuntza ez ahazteko".
Oñatin bizi den palestinar batek gaur egindakoek eurentzako "esanahi handia" dutela erantsi du.
Global Sumud Flotilla
Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarrei atzo Loiuko aireportuan egindako harreran izandako istiluen harira, bertan ziren ertzainen jarrera ulertezintzat eta mingarritzat jo dute. "Penaz jaso dugu kausa honetan bultza egiteko larrua jarri duen jende hori ustez laguna garen herri honetara etorri eta lehen harrera hori izan izana. Ulertezina eta mingarria egiten zaigu", esan du herri plataformako kide Jon Garatek. Zentzu berean hitz egin du Izaro Elorza alkateak: "Uste dut herritar denak geratuko ginela hitz barik, ez genuelako inoiz esperoko Ertzaintzak horrelako jarrera izango zuenik".
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak bere gain hartu du Loiun izandako kargen ardura, esanez hori ez dela gatazkak konpontzeko modua. Harrera egitera joandakoen jokabidea ikertuko dutela ere adierazi du.