Joan den uztailean hasi ziren plaza ondoko eremua eraberritzen. Espazio horretan azpitik doazen argiteria, ur, gas eta telekomunikazio hornidura berriak jartzea izan zen egindako lehenbiziko lana, eta galtzada-harriak edo adokinak gero. Lanak hasi aurretik zeuden elementu gehienak mantendu egin dira eta berriak ere gehitu dira, eta ez bakarrik irisgarritasuna kontutan hartuta. Izan ere, proiektu hau ez da bakarrik hirigintzatik landu.
Kioskoak harmaila izango du, eskailera moduan erabiltzeko zein jolaserako
Esaterako, kendu egin dira berdeguneetan, eserleku batzuetan eta Gernikako Arbolaren bueltan zeuden forjazko eskudelak edo barandak. Orain, egurrezko eserleku batek inguratzen du haritza eta eserleku gehienetan egurrezko jarleku eta bizkarreko ergonomikoak egongo dira, atsedena goxoagoa izan dadin. Kioskoak harmaila izango du, eskailera moduan erabiltzeko zein jolaserako. Eta altzariak ere badaude, aulki eta mahai artistikoak berdeguneetan, eta altzari funtzionalak horietatik kanpora. Hain zuzen ere, kolore gorriz margotu dituzte berdeguneetako altzariak, kanpoko mahaiak eta kioskoko baranda, udaletxeko balkoietakoak dauden moduan. Gorriz daude, baita, berdura plazara sartzeko egindako arrapalaren heldulekuak ere.
Bizikletak aparkatzeko gunea ere egongo da
Iturria garbitu egin dute eta plazako argi-postea berdegunera pasatu dute
Erdiguneko eremuko lurzoruan zeramikazko harri-landuak jarri dituzte eta Lazarraga parkearen kontra dagoen harrizko paretan, berriz, zirkulu erdi baten itxura duen bi alturatako koska bat jarri dute; landarez apainduko dute gero jolas-elementu hori. Iturria garbitu egin dute, plazako argi-postea berdegunera pasa eta bizikletan aparkatzeko gunea egongo da Gernikako Arbolaren ondoan.
Iturritik frontoira bitarteko lurzorua konpontzea falta da bakarrik. Espazio zabala izango da aurrerantzean ere gune hori, girlatxe efektudun errematea izango du lurzoruak eta lan hori egiteko zazpi egunetan egin behar du eguraldi ona.
Astelehenetik aurrera erabilgarri egongo da plaza ondoko espazioa eta ekainaren hasieran ospatuko diren Corpus jaietarako etorriko diren barrakak hortxe jarriko dituzte.