Hilaren 25erako garbi eta erabilgarri egongo da plaza ondoko espazioa, kioskoa, berdegunea eta iturria barne. Frontoira bitarteko lurzorukoa konpontzea faltako da bakarrik. Leunketa edo erremate berezia izango du lur horrek, girlatxe efektuduna, eta zazpi egunetan egin behar du eguraldi ona hori egiteko. Eguraldi iragarpenak jarriko du lan horiek egiteko data, baina Corpusen ostean izango da, barrakak hor egongo baitira ekaineko lehen astebururako.
Artistikoak eta funtzionalak
Eraberritze lanak hasi aurretik zeuden elementu gehienak mantendu dira eta berriak ere gehitu dira. Esaterako, kendu egin dira berdeguneetan, eserleku batzuetan eta Gernikako Arbolaren bueltan zeuden forjazko barandillak. Orain, egurrezko eserleku batek ingururatzen du haritza eta eserleku gehienetan egurrezko jarleku eta bizkarreko ergonomikoak egongo dira, atsedena goxoagoa izan dadin. Berdeguneetan, berriz, kolore gorriko altzari batzuk jarri dituzte. "Elementu artistikoak dira horiek eta jendeak berdeguneak erabili ditzan jarri dira, jolaserako izango dira. Berdegunetik kanpo jarritakoak, ordea, altzari funtzionalak dira", azaldu du hirigintza batzordeburu den Iñigo Ruiz Barronek.
Kolore gorria
Hain zuzen ere, kolore gorriko bi mahai luze jarri dituzte iturriaren albo bietan bana, eta kioskoaren barandilla ere gorriz margotuta egongo da, udaletxeko balkoietakoak dauden moduan. Halaxe daude, baita, berdura plazara sartzeko egindako arrapalaren heldulekuak ere.

Erdiguneko eremuko lurzoruan zeramikazko harri-landuak jarri dituzte eta Lazarraga parkearen kontra dagoen harrizko paretan, berriz, zirkulu erdi baten itxura duen bi alturatako koska bat jarri dute; landarez apainduko dute jolas-elementu hori. Iturria, bide batez, garbitu egin dute. Maiatzaren 1a plazakoan egindako moduan, Elorza generalaren bustoa duen hau ere garbitu eta eraberritu egin du Petra enpresak ia 16.500 eurotan.
Uztailean hasi zituzten eraberritze lanak. Juntura kooperatibak egin du proiektua eta Oarsa enpresari esleitu zitzaizkion lanak 673.388,29 euro –Bez barne– Next Generation funtsetik eta partaidetzazko aurrekontuekin ordaindu dira lanak.