Latzen taldeak etxean, Oñatin, joko du sanmigeletan

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 12a

Latzen taldeko kide Gorka Lazkano, Yerko Ortiz, Aitor Uriarte eta Joxemari Azpitarte, Durangoko Azokan. Argazkia: Latzen.

Latzen taldeak iragarri du gaur, Oñatin emango duela kontzertua sanmigeletan. Irailaren 26an izango da emanaldi hori, Foruen plazan.

Oñatiko talde ezaguna iaz itzuli zen oholtzetara, hamazazpi urteren ondoren, Denboraren orbainak, estudioko hirugarren lana, argitaratuta.

Disko hori aurkezteko biran murgilduta daude azken hilabeteetan. Hala, ekainean, Abanto-Zierbenan eta Zamoran izango dira; eta uztailean, Barcelona Rock Fest (Santa Coloma de Gramenet) eta Rock Imperiun (Cartagena) jaialdietan. Debagoienean, baina, ez dute oraindik kontzerturik eman eta Oñatin, etxean, egingo dute estreinaldia, irailaren 26an.

Bigarren itzulera

1993an sortu zuten taldea Aitor Uriarte (ahotsa), Joxemari Azpitarte (baxua), Iker Martinez de Zuazo (gitarra) eta Gorka Lazkano (bateria) oñatiarrek, eta 1996an argitaratu zuten lehendabiziko diskoa: Kontzientzia ala infernua (Oihuka).

1999an erretiratu egin zen baina 2007an bueltatu ere bai; orduko hartan, hamabost kontzertu egin zituzten –Debagoienean Eskoriatzan egin zuten lehendabizi, otsailaren 9an eta, ondoren, Oñatin, maiatzaren 30ean–, eta Hellmuga izeneko lana kaleratu zuten zuzeneko horiekin.

Jatorrizko lau taldekideak aritu ziren lehendabiziko itzulera hartan, baina, oraingoan, Martinez de Zuazo ez da oholtza gainean izango. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak