Latzenen jarraitzaileek zaparradari kasu egin gabe gozatu zuten kontzertuaz

Errekaldeko jaiek aurten musika egitarau indartsua izan dute. Egubakoitzean Los Cretinos, Discipulos de Dionisos, Anestesia eta Latzen taldeek kontzertua eman zuten. Ikusmin handia sortu zuen kontzertua izan zen.

Izan ere, Anestesia, talde zarauztarrak, Oñatin jotzen zuen lehenengo aldia zen. Latzenekoek ere euren herrian kontzertua eskaintzen zuten lehenengo aldia zen, taldea taula gainera itzuli zenetik.
Arrasateko Los Cretinos taldeak ireki zuen kontzertua. Punk kutsudun Rock and Rolla egiten duen taldeak oraingoan ere kontzertu dibertigarria eskaini zuen.

Discipulos de Dionisos talde donostiarra izan zen taula gainera igotzen bigarrena. Euren estiloa porno punk gisa definitzen dute donostiarrek; punk azkarra egiten dute eta euren abestiak sexua eta pornoarekin zuzenki lotuta daude. Ohiko ikuskizuna eskaini zuten Discipulosekoek.
Giroa berotuta zegoen Anestesiakoen txanda iritsi zenean. Oñatiarrak irrikan zeuden talde zarauztarra etxean entzuteko, eta erantzuna sekulakoa izan zen. Ordu eta erdi iraun zuen kontzertuan, abesti zaharrak eta Terapia disko berrikoak tartekatu zituzten.

01:30ak inguruan oñatiarrek horrenbeste itxoindako momentua iritsi zen. Euri tantak gero eta indartsuagoak ziren Lantzenekoak taula gainera igo zirenean. Euriak baina ez zituen Latzenen jarraitzaileak kikildu eta erantzuna erabatekoa izan zen. Ia bi orduko kontzertua eskaini zuten, eszenaratze txukunarekin eta argi askorekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.