Esaera zahar batek dioen legez, haur bat zapata berriekin moduan daude Oñatiko Latzen musika taldeko kideak, argitaratu berri duten Denboraren orbainak diskoa eskuetan dutela. "Ilusioz gainezka gaude eta oso eskertuta bilduma berriak izan duen musikazaleen eta adituen kritika onekin, eta, orokorrean, egin diguten harrera onagatik. Saldu ditugun disko mordoez harago, ikaragarria izan da Durangoko Azokan jaso dugun berotasuna", azaldu dute Latzeneko kideek.
Hastapenetako hiru kidek – Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria) eta Joxemari Azpitarte (baxua)– eta Iker Martinez de Zuazo gitarristaren tokia hartu duen Yerko Ortiz legazpiarrak osatzen dute egun laukotea.
Hamar kantu berri
Iker Bengoaren Gasteizko Silverstar estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dute taldearen hirugarren lana den Denboraren orbainak. "Aurreko lanen bidetik jarraitzen dugu, baina nabaria da urteen igarotzearen eragina eta baita Ikerren ekoizpen-lana, baina, azken finean, ginenak izaten jarraitzen dugu. Hamar kantu dira guztira; horien artean, bildumaren izenburu bera duen kantu-instrumentala dago. Talde-lanean sortu ditugu guztiak: aurretik genituen kantuen ideia zaharretatik hasita, guztiz berriak diren abestiak egiteraino".
"Aurreko lanen bidetik jarraitzen dugu, baina nabaria da urteen igarotzearen eragina"
Diskoaren izenburuak adierazten duen moduan, bizipenak dira bildumaren oinarria, eta nabari da hori hitzetan ere. "Hitzak Aitorrek eta Gorkak egiten dituzte, baina guztien arteanontzen ditugu gero; zorionez, ez dugu talde-liderrik, eta talde-lana da gure funtzionatzeko modua. Kantatzen ditugun gaiei dagokienez, bakoitzaren sentimen- duetatik hasita, gizarte-gai orokorretara egiten dugu salto. Adibide batzuk aipatzearren: Arnasbidea kantuan, zulotik ateratzeko behar duzun beste lagunen laguntzaz jarduten dugu; Zauria kantuak Palestinaren egoerari egiten dio keinua; Zilarrezko kaiola sare sozialekin lotutakoa da; Memento mori-k oso ondo laburtzen du taldea berriz elkartzearen arrazoia...".
Urtarrilean, kontzertuak
"Irrikaz daude" agertoki gainera igotzeko, eta arrakastaz egingo dute; kontzertu askotako sarrerak agortu direla da horren erakusle; Atarrabiako Totem aretoan abiatuko dute bira.