Latzenek ikuskizun bikaina eskaini zuen zapatuan Eskoriatzan

Eskoriatzako kiroldegia gainezka zegoen, jakina zen beteko zela eta 1.100 lagun inguru bildu ziren. Oñatin, esaterako, sarrerak salgai jarri eta bi egunetara guztiak saldu ziren. Latzenek ikuskizun paregabea eskaini zuen eta zaleak erotu egin ziren. Jendea urduri, 50 minutu inguru taldea noiz hasiko zain. Terminatorren 'introarekin'' egin zioten sarrera kontzertuari. Kontzientzia ala Infernuko 'Bat gehiago' abestiarekin hasi zen emanaldia.

Heavy metalaren ikurra eskuekin irudikatuz, zaleak 'Latzen' behin eta berriro oihukatu zuten burua etengabe astinduz. Ia bi orduko ikuskizun bikaina eskaini zuen taldeak. 10 urteren ostean sasoian eta inoiz baino indartsuago dagoela erakutsi zuen Latzenek. Jendea berotzen hasi zen eta orduan iritsi ziren Iker Martinez de Zuazo, Marti, gitarra jotzailearen lehen punteo sakon eta azkarrak. 'Infernuko ateetan tour' birarako erosi berri duen gitarrarekin soinu bikain eta bortitzak eskaini zizkien jarraitzaileei. Ondoren etorri ziren Hiesa ihes edota Ze ingo xu abesti ezagunak; azken hau, oñatiarren leloa bilakatu dela esan daiteke. Bertan zeudenek gogotsu eta indartsu abestu zuten. Sorpresa ugari izan zen. Publikoarekin konplizitate handia egon zen eta Aitor Uriarte abeslariak ahots jokoak egin zituen ikusleekin tartekatuta Hiesa ihes abestian. Hala, talde handien bertsio ezagunak ere  abestu zituzten: Sex Pixtols, Led Zeppelin edota Kortaturen Zu atrapatu arte.

Bis-ean sorpresa ugari

Emanaldia bukatutzat emanda, zaleek 'beste bat' oihukatzen zuten eta asko itxaronarazi gabe taldearen berehalako erantzuna izan zuten. Eta nola ez Latzenen balada erreferentea etorri zen Laztana. Bis-ean sorpresa ugari, Heriotzari deika maketako azken abestia eta birari izena emanten diona eskaini zuten, Infernuko ateetan. Kontzertuari amaiera emateko Latzenen lehen singela eta ospetsu egin zen lehen abestia: Gu ez gara. Hala, amaiera ikusgarri batekin eta Aitor Uriarteren oihu indartsu, luze eta amaigabe batekin amaitu zen kontzertua. Zaleak pozik eta Latzeneko taldekideak ere oso gustura. Espero zuten arrera izan zuten eta pozik azaldu ziren egindako lanarekin, izan ere dena eman zuten zuzenekoan eta hori transmititu zuten.

DVDa apirilean kaleratuko da

Jendeak oroigarri ona izan dezan kalitatezko DVDa kaleratu nahi dute. Hala, sei kameraz grabatu zuten atzoko kontzertua. DVDa apirilean jarriko dute salgai. Bi zati izango ditu DVDak. Alde batetik, erreportaje bat jasoko du eta bestetik kontzertuak. Apirilearen 5ean, Getxon, berriro itzuliko dira zuzeneko CD-DVDa promozionatzera eta udaberri eta uda partean zuzeneko kontzertu gehiago eskainiko dituzte.

Aby-kem eta Governors

Bergarako pantera beltzek eman zioten hasiera metal gauari. Thrash eta Death metal doinu gogor eta sakonak giroa sutu zuten. Aby-Kem zuzeneko talde indartsua da eta jarraitzaileak gozatu egin zuten kaleratu berri duten Azken guda disko berriko doinuekin. Larrosen iraultza, Eguzkia edota Azken guda abestiak metal gogorra gehien maite dutenen buruak astindu zituen. Gainera, azken kontzertua izan zen taldeko bateria jotzailearentzat. Aurrerantzean Lord Witch taldeko Iker Narvaez izango dute lagun Aby-Kem bergararrek.
Governors arrasatearrek  Itxaron beharra ez da itxaropena disko berriko doinuak aurkeztu zituzten. Galdutako laztana abestiarekin eman zioten hasiera. Rock gogorra eta metal melodikoa bikain uztartu zuen Juan Sangreren taldeak. Zaindutako eta neurtutako ikuskizuna eskaini zuten sua protagonista bilakatu zen eszenaratze batekin.

Autobusak gainezka

Oñatiko Udalak antolatutako autobusak etengabe aritu ziren lanean. Arratsaldeko lehen autobusa gainezka joan zen Eskoriatzara. Baita gainontzekoak ere. Arazoa kontzertua amaitzean sortu zen. Izan ere, ehunka pertsonek autobusa ordu berean hartu nahi zuten eta horrek haserreak eragin zituen. Dena den, autobus bat baino gehiago zeuden une hartako arazoak arintzeko eta zerbitzua hobetzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.