Atzo, eguena, aurkeztu zuten apirilaren 26an 9:30ean hasiko den XXI. Aloñako Igoera, Oñatiko Turismo bulegoan. Aurkezpenean Aloñako Igoeraren lehendakari Pablo Arejolaleiba, antolakuntzako kide Mikel Madinagoitia, kirol zinegotzi Saioa Arkonada eta Onnera Groupeko lehendakari Patxi Azpiazu izan ziren.
Azken urteetako bideari segika
Madinagoitiak aurkezpenean azaldu zuenez, lasterketa azken urteetako formatu berdinean izango da, hau da, ibilbidea, distantzia zein maldak berdinak izango dira. Horrenbestez, aurtengoa ere 22 kilometro eta erdi inguruko lasterketa izango da, 1.868 metroko malda positiboarekin. 9:30ean deabruaren agerpena izango da, eta jarraian, hasiera emango diote lasterketari. Antolakuntzako kideek lehen lasterkaria 11:30ean heltzea espero dute, eta azkena berriz, 13:45ean. Ostean, sari banaketarekin hasiko dira.
Beste urte batez Aloña txiki lasterketa ere egingo dute lasterkari helduak mendian korrika dabiltzan bitartean. 10:30ean hasiko da, eta helburua, gazteenen artean Aloñako Igoera zein kirola, orokorrean, sustatzea izango da. Izen-ematea irekita dago eta Aloñako Igoeraren atariaren zein karteletan ageri diren QR kodeen bidez egin daiteke. Aurkezpenean azaldu zutenez, geroz eta haur gehiago animatzen dira eta oso pozik daude ekimenak duen harrerarekin. Parte hartzen duten haur guztiek jasoko dute saria.
Dortsalen banaketari dagokionez, egubakoitzean, hilak 24, izango da lehena. Antolakuntzako kideak herriko plazan izango dira banaketa egiten, 19:00etatik 21:00etara. Lasterketaren egunean bertan ere egongo da dortsala jasotzeko aukera, 8:30etik 9:00etara. Egubakoitzean, dortsal banaketaz gain, antolakuntzako kideek eta laguntzaileek briefing saioa eta luntxa egingo dute 19:00etan, azokako plazatxoan.
Lasterketak ohiko egitura jarraituko duen arren, izango da berrikuntzarik. Hauetan aipagarriena urte luzez antolakuntza lanetan ibili zen Asier Sagastizabal Sagas oñatiarraren omenezko sari bikoitza izango da. Aurreko urtean zendu zen Sagastizabal, eta sariaren bidez merezitako omenaldia eman nahi diote antolatzaileek. Artzanburuko jaitsiera azkarren egiten duen lasterkariarentzat izango da saria, eta saski "eder" bat eramango du etxera. Egun ezarrita dagoen errekorra hausten duenak berriz, 100 euroko saria eramango du.
Harrera beroa
Antolakuntzako kideak pozik agertu dira lasterketak izan duen harrera beroarekin. Dortsala lortzeko zozketan ia 900 pertsonak eman zuten izena, eta horietatik 140 inguru izan ziren Oñatikoak. Azkenean, 335 lasterkarik lortu dute parte hartzeko dortsala, eta antolakuntzako kideek pozik azaldu zuten horietatik 101 direla oñatiarrak. Debagoieneko gainontzeko herriek ere izango dute ordezkaritza, 54 (18 bergarar, 24 arrasatear, 3 aretxabaletar, 5 eskoriatzar eta 4 antzuolar) lasterkarirekin.
Emakumezko lasterkarietan ere jarri zuten fokua antolakuntzako kideek. Emakumezko 39 lasterkarik lortu dute Aloñako Igoera parte hartzeko dortsala, eta antolakuntzako kideek azaldu dute pozik daudela urterik urte zifra hori gorantza doalako. Gainera, horietako 27 oñatiarrak izango direla azpimarratu dute.
Harrera beroa ez da soilik lasterkarien partetik etorri. Aurten, 150 boluntariotik gora ibiliko dira antolakuntza lanetan. Aurkezpenean azaldu zutenez, oso pozgarria da antolatzaileentzat herritarrek laguntzeko erakusten duten borondatea, eta garbi utzi zuten hauen laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekela lasterketa antolatzea. Bestalde, urteroko gisan, egunean bertan herriko zaletu guztien babes handia espero dute.
Zuzeneko jarraipena Goienarekin elkarlanean
Aurten, lehenengoz, Aloñako Igoerako antolatzaileek eta Goienak elkarlanean egingo dute mendi lasterketaren zuzeneko jarraipena. Goiena Telebistan, Goiena.eus atarian eta Aloñako Igoeraren Youtubeko kanalean jarraitu ahalko da lasterketa. Goienako kazetari Julen Muruak egingo ditu esatari lanak zuzeneko emanaldi horretan. Madinagoitia pozik agertu da elkarlanarekin: "Antolakuntza xumea gara, baina, laguntzaile asko ditugu. Streaming-erako taldetxo bat sortu zen, gure baliabide mugatuekin, baina, borondate onenarekin egiten duena lana. Guretzat, Goienarekin elkarlan bat izatea, honek duen ibilbidean kontua izanda, eta bide batez, Goienan zuzeneko irudiak ikusteko aukera izatea, egia esan, oso pozgarria da".
Malen Osak ez du parte hartuko
Lasterketa irabazteko faboritoen zerrenda erakutsi zuten aurkezpenean. Gizonezkoetan, hiru garaipen eskuratu dituen Aitor Ajuria da faborito nagusia. Hala ere, aipatzeko moduko beste izenetako bat lasterketa behin irabazitako Ibai Larrea da, berak du eta indarrean dagoen errekorra. Oñatiarren arten faboritoa Xabier Urbina da.
Emakumezkoetan berriz, Malen Osa zen faborito nagusia, baina, aurkezpena amaitu eta gutxira helarazi zien antolakuntzako kideei azkenean ez duela parte hartuko. Aurreko astean iragarri zuen Osak atsedenaldi bat hartuko zuela, eta heriko lasterketara ez zela helduko susmatzen zen arren, atzo baieztatu zen hau. Beste oñatiar batek hartu dio faboritoaren lekukoa Osari, Brooks taldeko Ainara Uribarrik. Aipatzeko moduko beste izenetako bat Uxoa Irigoyenena da.