Malen Osak atseden hartzea erabaki du, halabeharrez, gainera. Zapatuan Malagan zuen nazioarteko hitzorduan lehenago ere kalanbreekin izandako arazoak bueltatu zitzaizkion, lasterketa hasi era berehala. Eta, hainbat egunez hartu beharreko erabakiaz hausnartzen egon eta gero sare sozialetan argitaratu du mezua. "Denbora apur bat behar izan dut eseri eta hitz hauek idazteko", esanaz hasi du oñatiarrak idatzia. "Zapatuan zerbaitek egin zuen nire barruan klik. Lasterketa hasi eta 2 kilometrotara aldapa behera batekin egin nuen topo, 30 segundotan egiteko moduko tarte bat zen eta konturatu nintzen ordurako hankak lehertuta nituela. Beste 15 minutuz aurrera egiten saiatu nintzen, horrela jarraitzea ezinezkoa zela konturatu nintzen arte. Laugarren kilometrorako lasterketatik kanpo nengoen, eta hor jo nuen hondoa".
Oñatiarrak aspalditik datozen arazoen gainean egin du berba, arazo fisiko hauek ez direlako berriak, eta uste du gainbehera fisiko horien atzean motibo mentalak daudela. "Nire ingurukoek badakite inoiz baino gehiago maite dudala egiten dudana. Prozesua maite dut, korrika egitea maite dut, entrenatzea maite dut, beste edozer baino gehiago. Inoiz baino hobeto sentitzen naiz, nire bizitzako sasoirik onenean nago eta inoiz baino indartsuago nago. Baina beste aldea ere ezagutzen dute etxekoek. Denbora luzea daramat arazo honekin, eta nekatuta nago. Lasterketetan hain goiz kalanbreekin egoteak, arrazoi fisiko argirik gabe, poza baino min gehiago ekartzen dit lehiatzen naizenean. Maite dudan zerbait beldurra eragiten didan zerbaitetan bilakatzen dabil: maila gorenean lehiatzea, nire mailan, eta benetan gozatzea. Sentitzen dut denbora luzez diskurtso bera errepikatzen aritu naizela. Eta nekatuta nago. Nekatuta nago nazioarteko dortsala jartzen dudan bakoitzean arazo hauekin ibiltzeaz. Batzuetan, amore ematera behartzen nau. Beste batzuetan, burugogorregia naiz eta helmugara iristen naiz, edozer dela ere. Baina ez nago horrela jarraitzeko gertu, ezer gertatuko ez balitz moduan. Sare sozialek erakusten ez dituzten gauza asko daude. Eta nire poltsa dagoeneko beteta dago".
Arazoen jatorrira iristeko beharra
Oñatikoak aitortu du arazo hau ez dela berria, azken urteotan hainbatetan gertatu izan zaion zerbait dela, eta jarraitu aurretik arazoaren jatorrira joan nahi duela. "Arazo honen erroa aurkitu behar dut. Badirudi zerbait mentala izan daitekeela, gainbehera fisikoa sorrarazten didana. Barru-barruan, galduta sentitzen naiz. Galdera asko ditut eta erantzunik ez. Eta oraintxe bertan, ez dakit zein den hurrengo urratsa. Ziur nago berriro lehiatzen hasiko naizela. Baina ez mentalki prest sentitu arte. Atzera pauso bat eman eta erantzunak bilatzeko garaia da. Eta itzultzen naizenean, inoiz baino indartsuago, osasuntsuago eta zoriontsuago egingo dut. Horixe baita honen guztiaren helburua. Eskerrik asko guztioi mezu atseginengatik eta babesagatik. Jende onarekin inguratuta egoteak ematen dit itxaropen handiena", esanez amaitu du idatzia.
Bada, oñatiarra Gatzatrail lasterketan izan zen duela aste gutxi, proba irabazi egin zuen, gainera, eta bertan adierazi zuen Zegama-Aizkorrin lehiatu aurretik Aloñako Igoeran ere egongo zela. Bistan da, baina, indartsu bueltatzeko denbora tarte batean atseden hartu eta lasterketetatik urrundu egingo dela.