Oñati izan zuen aterpe 2026ko Debagoieneko Helduen Dantzari Egunak. Urtero aldatzen da ospakizunak jasotzen dituen herria, eta beste dantza talde batzuek hala eskatuta, Oñatira joan dira bailarako dantzariak, 2023an egin bezala. 250 dantzari eta musikari inguru elkartu ziren bertan, bost herritako sei taldetakoak: Eskoriatzako Gorosarri, Aretxabaletako Leizarra, Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz, Antzuolako Oinarin eta Oñatiko Oñatz.
Dantzak bizirik mantentzeko asmotan
Bailarako dantzariek urtean duten elkargune nagusia izaten da hau, eta Oñatzeko kide Beñat Madinak azaldu duenez, euskal dantzen zein bailarako dantza taldeen jarraipena bermatzeko antolatzen dute: "Euskal Herriko dantza tradizionalak bultzatzea, edo gutxienez hiltzen ez uztea, eta dantza taldeak aurrera bultzatzea dira egunaren helburuak".
Urtean zehar, dantza talde bakoitzak bere bidea egiten du, baina harreman osasuntsua dago guztien artean, eta talde guztiek Bailarako Dantzari Egunari ematen dioten garrantzia da honen froga Madinarentzat: "Urtean zehar ez dugu kontaktu gehiegi, bakoitzak bere bidea egiten du. Hala ere, denok dakigu egun hau oso seinalatua dela, eta guztiok elkartzen gara, inork ez du hutsik egiten. Elkarrekin inolako arazorik gabe ibiltzen gara egun honetan, ekitaldian zein kalean".
Bailarako dantzagintza, osasuntsu
Euskal dantzek garrantzia handia dute bertako kulturan, eta Debagoienean osasuntsu mantentzen den diziplina da. Duela urte batzuetako egoerarekin alderatuz gero, Debagoieneko dantzagintzak aurrerapausoak eman dituela uste du oñatiarrak: "Eduela zortzi urte sartu nintzen taldean, eta gogoan dut talde gutxiago zeudela. Seguru nago Gorosarri ez zela egoten, eta Leizarrarekin zalantzak ditut, baina izatekotan gutxiago ziren. Azken urteetan gora egin du".
Ekitaldi jendetsua
Eguerdian egin zuten dantza ikuskizuna izan zen eguneko hitzordu garrantzitsuena. Hamabost dantza egion ziren ikusgai ikuskizunean zehar. Elkarrekin dantzatu zituzten horietako bederatzi,beraien artean aurrez adostuta: Agurra, Kaskarot, Brokel, El desmayo, Yendomeyo, Kataia, Makil handi, Lezea eta El culo. Hemen dago ikusgai Makil handi dantza, osorik. Gainontzeko seiak dantza talde bakoitzak propio prestatutakoak izan ziren.
Herritarren interesa piztu zuen ekitaldiak, eta goraino bete zen Zubikoako pilotalekua, dantzarien beraien harridurarako: "Ez genuen horrenbeste jende espero. sartu naizenean ni ere harrituta gelditu naiz horrenbeste jende ikusteaz".