Zuhaitzak izan dira protagonista asteburuan Oñatin. Zapatuan, Zuhaitz Azoka antolatu zuten. Produktuak erosteko sei postu jarri zituzten plazan eta bertan, askotariko produktuak erosteko aukera izan zen: zuhaitz-landareak, loreak, ongarriak, haziak, lore sikuak, etab. Horrelako azokek duten garrantzia aipatu zuen Viveros Belarreko Joseba Belarrek: "Horrelako azokak garrantzitsuak izaten dira". Murueta Lorategiko Nekane Torrontegik berriz, loreek geroz eta garrantzia handiagoa izaten dutela nabarmendu zuen: "Jendeak geroz eta interes gehiago du loreengan". Aspektu horretan, garai honetan landatzeko lore aproposenak primulak, ziklamenak, ranunkuluak, anemonak eta tulipanak direla azaldu zuen.
Berrikuntzaz betetako Zuhaitz Eguna
Natur Eskolak antolatuta, Zuhaitz Eguna ospatu zuten Domekan. Ohiko zuhaitz landaketa egin beharrean, herriko erdiguneko berdeguneetan dauden zuhaitzak ezagutzeko zein identifikatzeko, txangoa proposatu zuten Natur Eskolako kideek. Honen atzean landaketa bat egiteko dauden zailtasunak egon zirela azaldu zuen Eñaut Uribesalgok: "Urtetik urtera zailtasunak aurkitzen gabiltza zuhaitzak landatzerako orduan. Herrigunean ez dugu ikusten Zuhaitz Eguna egiteko moduko eremu handirik. Saiatu ginen salto bat eman eta Udalaren lurretan egiten, baina, konturatu gara horretarako denboraz ibili behar garela, lur batzuk txarrak direlako edo sasitu egin behar direlako".
Zuhaitzen identifikaziorako iNaturalist aplikazioa erabili zuten. "Orain ezagutu dugun aplikazioa da. Zehaztasun handiarekin hartzen du edozein bizidun, eta argazki hori mapa baten kokatzen du". Horrez gain, txartelak jarri zizkieten identifikatutako zuhaitzei, gainontzeko herritarrek ere ikusteko. Egindako lanak etorkizunean fruituak eman ditzazkeela esan zuen Uribesalgok: "Orain, gure helburua Oñatiko herri barruko zuhaitz guztiak identifikatu eta aplikazioaren bidez non dauden kokatzea izango litzateke. Lan honekin aurrera jarraituz gero, Oñatiko zuhaitz bakoitza agertuko litzatekeen mapa bat izango genuke".