Izaki hauen bizitokietan, basoan, larrean eta herrigunean, murgiltzeko gonbidapena luzatu diote bisitariari antolatzaileek. Erakusketa urteroko Ingurumen Jardunaldien baitan kokatzen da eta haur zein helduentzako bisita gidatuekin, hitzaldiekin eta film emanaldiekin osatuko dute.
Lehenengo hitzaldia atzo, irekiera egunean bertan egin zuen Unai Fernandes Agirre mikologoak, onddoei buruzko oinarrizko informazioa partekatuta. Beste jarduera bat ere gidatuko du Fernandesek, otsailaren 28an herrigunean zehar egitekoak diren irteera, Oñatiko onddoak bilatu, gertutik ikusi eta ukitzeko helburuarekin.