ALBISTEAK

'Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa' liburua aurkeztu dute Oñatin

Mireia Bikuña 2026ko urtarrilaren 14a

Izen bereko liburua eta ikus-entzunezkoa aurkeztu dituzte Oñatin. Ekitaldian egon dira egileak biak, Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin, eta protagonista nagusia, Txillarre baserriko ugazaba Pello Rubio.

Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek, besteak beste, Elgoibarko Txillarre baserrian egin zituzten batzarrak dira liburuaren eta ikus-entzunezkoaren oinarri. Bost urtetan egindako bileran haien ondotik etorri zen bake-prozesua. Baina, politikoez harago, Rubiok egindako lanean ipini dute fokua Ibaibarriagak eta San Martinek.

Pello Rubio Txillarreko baserriko ugazaba da. Otegi ezagutzen zuen eta baita ere Elgoibarko alderdi sozialistako kide Pako Egea ere. Bi mundu haiek mahaiaren bueltan ipintzearen ahaleginak, gerora ekarriko zituenak ez zituen aurreikusi Rubiok.

Pello Rubiok lantegian ezagutu zuen Paco Egea, eta militantziatik Arnalo Otegi. Harreman handia zuen biekin, eta, urte batzuetara, bi mundu haiek mahai batean elkartu eta emaitza zein izango zen ikusteko ausardia izan zuen. Egoeraz berba egiteko elkartu ziren: Elgoibarko industria, presoen gaia... Bien arteko konfiantza landu zuen Pellok modu horretan, eta gero etorri ziren beste maila bateko elkarrizketak. Jesus Egiguren eta Pernando Barrena ere batu ziren hitzartze haietara.

Hiru orduko elkarrizketa oinarri

Hiru orduko elkarrizketa luzea egin zioten Ibaibarriagak eta San Martinek Rubiori, eta hango transkripzio zuzena da liburuan jasotakoa. Elkarrizketa grabatu zutenean ikusi zuten bazegoela materiala nahikoa dokumentala ere egiteko. Rubiori baratzean eta Elgoibarko kaleetan hartutako irudiekin eta elkarrizketak egin ziren garaiko argazki historikoekin jantzi dute ikus-entzunezkoa.

Debagoienean, beste hiru

Herririk herri dihardute liburua eta ikus-entzunezkoa aurkezten. Dagoeneko 25 bat herritan egon dira. Debagoieneko hurrengo aurkezpenak Bergaran, Arrasaten eta Antzuolan izango dira. Urtarrilaren 20an, 27an eta otsailaren 10ean, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak