Primi Erostarberen bizitza jasotzen duen 'Itzalari dantza' liburu-diskoa aurkeztu dute

Gontzal Belategi Zubia 2025eko azaroaren 22a

Itziar Ugarte eta Erostarberen senideak aurkezpenaren ostean, liburu eta diskoa eskuetan.

Itziar Ugarte idazle eta kazetari oñatiarrak idatzi du liburua. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen 'Soinuaren Liburutegia' bildumako 18. alea izango da. Erostarberen senideak ere izan dira aurkezpenean.

Trikiti doinuek lagunduta, kalejiran, sartu dira ikusleak Oñatiko zinema aretora, Primi Erostarberen bizitza jasotzen duen Itzalari dantza izeneko liburu eta diskoaren aurkezpenerako. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegia bildumako 18. alearen protagonista da panderojole, irrintzilari eta koplalari araoztarra.

Itziar Ugarte idazle eta kazetari oñatiarra arduratu da liburua idazteaz, eta honekin batera Alazne Azkue, Erostarberen alaba; Iñaki Olalde, Oñatiko Udaleko kultura zinegotzia eta Aritz Garmendia, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko zuzendaritzako kidea izan dira aurkezpenean.

Ugartek azaldu duenez, oso berezia izan da eskari honi erantzutea: "Berezia da. Niretzat asko ikasteko aukera bat izan da, eta gauza batzuei buelta emateko aukera bat; esaterako, zer izan den trikiti mundua. Ez da nik hurbil dudan mundu bat, eta aukera polita izan da gerturatzeko". Berezia izateaz gain enkargua "arduraz" hartu duela dio oñatiarrak: "Pertsona baten bizitzaren inguruan idaztea, nor izan zen, zer egin zuen, zer ez zuen egin,... ardura horretatik heldu dudan lan bat izan da".

Oholtza gaineko emakume bakarretako bat

Aritz Garmendiak azaldu duenez, ez da kasualitatea izan Erostarberen aukeraketa bildumako 18. ale honetarako: "Primiri horrelako liburu bat zor geniola iruditzen zitzaigun, trikitiaren historian erreferente handi bat izan delako panderojole bezala".

Hala ere, Erostarberen kausan, emakumeek egindako lana azaleratzeko ere balio du liburuak: "Primiren figurak bazuen balio erantsi bat, trikitilaria eta emakumea zelako. Garai hartan ez zeuden horrelako asko, Primi izan zen erreferente nagusietako bat, eta interesgarria baita ere, katebegi bezala ikusteko balio zigulako. Historian hainbat mendetatik zetorren panderojole emakumeen tradizio bat zegoen, agortzen joan zena, eta XX. mendean erreferente nagusi , Mauriziarekin batera, Primi bera izan zen".

Ugartek azaldu duenez, zail da gizonezkoak nagusi ziren plaza batean bere presentziaren zergatia azaltzea: "Primiren kasuan oso adierazgarria da argazki askotan emakume bakarra zela. Nire galderetako bat Zergatik bera? izan zen. Zaila da galdera horren erantzunera heltzea, baina batetik badago talentua, bere irrintziak oso estimatuak ziren. Bestetik, jarrera ere bazuen. Bizitzan egokitu zitzaionagatik, langile familia batetik zetorren, beti aurrera jo beharra zuen".

Senitartekoak eskertuta

Erostarberen senitartekoak aurkezpenean izan dira, tartean; Alazne, Pili eta Jose Luis Azkue, Primiren seme alabak. Alaznek hitza hartu du aurkezpenean zehar, eta oso eskertuta azaldu da bertaratutako guztiekin, eta nola ez, Ugarterekin: "Plazer bat izan da hona etortzea, eskerrik asko guztioi etortzeagatik. Itziarreri ere eskerrak eman behar dizikiot. Maiz etorri da gure etxera, txintxo-txintxo, eta gauzak oso ondo egin ditu. Liburu polita, ederra, egin du".

Gurasoak ere izan ditu gogoan Azkuek: "Amaitzeko, nahi nuke esan, zerua baldin badago, gure gurasoak zulotxo batetik begira egongo direla, ama poz-pozik, eta aita harro-harro"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak