Azaroaren 8an jokatu zuten 16. Oñatiko Laburmetrai Rallya hamalau taldek. Eguna grabatze lanetan jardun zuten eta gauean, sariak banatu zituzten Santa Ana antzokian, filmen proiekzioen ostean. Beste behin, antzokia bete egin zen ekitaldia zuzenean ikusteko.
Lau lagunen artean antolatu zuten lehiaketa, eta egunean bertan, zapatuan goizeko zortzietan, jakinarazi zizkieten aurtengo berrikuntzak parte-hartzaileei. Ez da eskatu ez objekturik, ez gairik, ez lokalizaziorik; filmak garaiz eta hiru minutukoak entregatzeko bakarrik. Ohiko betebeharrak edo elementuak kendu eta lau egoera jarri; egoera horiek parte hartu duten taldeen artean zozkatu zituzten eta tokatutako egoera hori antzeztea izan zen bakoitzaren erronka. Antolatzaile taldean dagoen Aitor Perosterenaren esanetan, buelta bat eman gura izan diote rallyari, baina jakin ez datorren urtekoak zein itxura izango duen.
Epaimahaiak, ohi moduan, epaitu zituen historiaren lanketa, lanen teknika, zinematografikoki zuten maila.
Aurten sari berri bat ere egon da. Parte hartutako kuadrillek, eurena ez zen lan bati eman behar zioten botoa; talde denak izan ziren epaile. Eta sari hori izan zen jakiten lehenengoa: berdinketa laukoitza egon zen, eta hutsik gelditu zen saria.
Epaimahaikideak emandako sarien artean, berriz, bikoitza jaso zuen Iñigo Ugartek, interpretazio onenarena batetik eta film onenarena bestetik, bere taldearendako, Piktxurs-endako izan baitzen sari hori.