Aurreko urteetan moduan, Santa Ana antzokian egin zuten lehiaketako sari banaketa atzo, zapatua, gauean. 21:30ean photocall-etik pasa ziren talde parte-hartzaileak eta antolatzaileak, eta 22:00etan hasi zen lehiaketara aurkeztutako lanen proiekzioa. Bete egin zen antzokia lanak zuzenen ikusteko –streaming bidez ere bota zuten ekitaldia–. Hamalau taldek hartu dute parte aurtengo lehiaketan –16. – eta denak lehiatu dira; inor ez da kanpoan gelditu berandu entregatzearren edo agindutakoa baino film labur luzeagoa egitearren.
Filmak ikusi ostean hasi zuten sari banaketa. Aurten sari berri bat ere egon da. Parte hartu duten kuadrillek, eurena ez zen lan bati eman behar zioten botoa; talde denak izan ziren epaile. Eta sari hori izan zen jakiten lehenengoa: berdinketa laukoitza egon zen, eta saria eman gabe gelditu zen –plastikozko txankamoa–. Lau talde horiek izan dira: Paramout Komerixak –'Gautxo'–, Dwingi Dwingi, LPM eta Hangover –'Gomistery'–.
Aitor Abaroak, Iñaki Olaldek eta Aitor Perosterenak osatutako epaimahaiak eman zituen ondoren, sariak, ordena honetan:
- Publikoaren saria: Dwingi Dwingi taldearendako 'Hi, futbola' lanarekin.
- Interpretazio onenaren saria: Iñigo Ugarte –Piktxurs– 'Kalean, harrotz' filmeko lanagatik
- Hirugarren film onena: Frakamotzak taldearen 'Guinness World Raccord' lana –100 euro, txankamoa eta ziurtagiria–.
- Bigarren film onena: LPM taldearen 'Olé Bildu' –150 euro, txankamoa eta ziurtagiria–.
- Film labur onena: Piktxurs taldeak egindakoa –300 euro, txankoma eta ziurtagiria–.
Egoerak emanda aurten
Berrikuntzak egongo zirela aurreratu zuten antolatzaileek eta egon dira. Aurten ez da objekturik, gairik edo lokalizaziorik egon baldintzen artean –bai ordea, gehienez hiru minututako lana izatea eta 19:00etarako entregatzea–. Aldiz, lau egoera aurkeztu dituzte eta egoera horiek parte hartu duten taldeen artean zozkatu; tokatutako egoera hori antzeztea izan da talde bakoitzaren erronka. Egoerak izan dira:
- Herriko gazta lehiaketako epaimahaikide izan eta lehiaketa egunean ez eduki ez usaimenik ez dastamenik.
- Oñatiko Laburmetrai Rallyko epaimahaikide izan eta gogorik eduki ez lan hori egiteko
- Oñatiko Laburmetrai Rallyko epaimahaikide izan, sari banaketa amaitzean kalera joan eta taberna batean egonda parte-hartzaile bat etortzea kontu eske, epaiarekin gustura ez dagoela esanez
- Heriko futbol txapelketako epaile izan, partidua bukatzear dagoela penalty bat egon dela ikusi baina epailearen amorantearen taldearen aurkako penaltia izan
Txinparta bertso eskolako Urko Egaña eta Beñat Ormaetxea bertsolariek aurkeztu dituzte gaiak, bertsotan; modu berean jakinarazi dituzte irabazleen izenak eta amaierako argazki erraldoirako gonbidapena egin parte-hartzaileei. Antolakuntza taldean sartzeko gonbidapenak ere entzun dira gaueko ekitaldian.
Hemen daude lan denak ikusgai.