Minmugak disko berriak zortzi abesti izango ditu eta, taldekideek diotenez, badago aldea Esan ezin direnak izenburu izan zuen lehen diskoarekin konparatuta. Lehen diskoarekin egin bezala Haritz Harreguyren Usurbilgo Higain estudioan grabatu dute Minmugak ere. Diotenez, Malko zuzenekoetan ezagutu dutenei gustatuko zaie bereziki disko berria, hau da, zuzenekoetako Malkotik asko du lan berriak.
Aurkezpen kontzerturako sarrerak salgai daude
Disko berria badatorrela iragartzeko Biszerala single-arekin bideoklipa kaleratu zuten azaroaren 4an eta desiratzen daude disko osoa jendaurrean aurkezteko. Aurkezpenerako, gainera, ez dute edozein leku aukeratu: Oñatiko gaztelekuan aurkeztuko dute abenduaren 13an, eta aurreratu dute berezia izango dela; dagoeneko salgai daude aurkezpen kontzertu berezirako sarrerak; Oñatiko Udalaren webgunean eskuratu daitezke, bost eurotan.
'Min mugetan' erreportaje berezia gaur, Goiena telebistan
Bestalde, disko berriaren sorkuntza eta grabaketa prozesuak barru-barrutik erakusten duen erreportajea grabatu du Goienak. Gaur, azaroak 6, ikusi ahalko da Goiena telebistan, arratsaldeko zortzietan eta gaueko hamarretan.