ALBISTEAK

Denetarik eta denendako aurtengo jaietan ere

Oihana Elortza Gorostiza 2025ko ira. 11a, 16:21

Gaur aurkeztu dute aurtengo San Migel eta Errosaixo jaietako egitaraua, eta etxez etxe banatuko dute datozen egunetan. Irailaren 19tik urriaren 6ra arte izango dira, aste barruko egunetan atseden hartuta.

Datorren asteburuan, hilaren 19an, hasi eta urriaren 6ra arte, Errosaixo Bixamon egunera arteko ekintzak jasotzen ditu astean aurkeztu duten jaietako egitarauak.

Musika emanaldi asko

Musika, berakatz-zopa lehiaketa, eskubaloi zein pilota txapelketak, umeen eta nagusien danborradak, aire libreko margo lehiaketa, auzo olinpiadak, nazioarteko artzain txakur txapelketa, ohiko Herri Eguna, herri bazkariak eta Errosaixo Bixamona. Hori guztia jasotzen du aurtengo egitarauak ere, beste hainbat ekitaldiz eta berezitasunez gain. "Herriko 20 bat eragilerekin batera antolatutako jaiak dira eta eskertzekoa da hori. Eskerrak baita jai nagusiak heldu bitartean herriko kaleetan eta auzoetan antolatu dituztenei ere", kultura batzordeburu Iñaki Olaldek esana.

Esaterako, musika bandak rock kantuak joko ditu Errosaixo domekako kontzertuan, herriko beste musikari batzuekin batera: Iker Martinez de Zuazo gitarra-jolea, Sukena taldeko baxu-jole Iratxe Egaña eta Arantzazu Saiz piano-jolea. Plazan izango da kontzertu hori.

Bulego taldeak ere plazan joko du hilaren 26an, baita Puro Relajok ere, Errosaixo Bixamon egunean. Atzeko kalera, berriz, La Furia joango da, urriaren 3an, eta txosna gunera PILT, irailaren 27an.

Barrakak, Olaitturrin

Hiru espazio horiek eta erdiguneko kaleak izango dira jaien espazio naturalak aurtengo herriko jai nagusietan. Antixena gaztetxe aurrea era jantoki bihurtuko da, beste behin, Herri Egunean. Egun horretan egingo da ohiko herri bazkaria Zubikoa kiroldegian. Sarrerak salgai daude Izarraitzen, Arranon, Batzokian eta Ore Gozon. Plaza ondoko obrek ez dute aparteko eraginik izango. Hori bai, gune horretan egon ohi diren barrak eta bestelako postuak lekuz aldatuko dituzte. Aurten, Olaitturrin egongo dira barrakak. Egokitu egin dute ibilgailuendako hango sarbidea, zabaldu egin dute eta arrapala egin, kamioiak sartzeko moduan. Beste aldean ere arrapala bat jarri dute, oinezkoendako. "Olaitturrin ez da aparkalekurik egongo eta Udalaren gomendioa da ahalik eta gehien oinez mugitzeko herri barruan, eta kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko. Jai egunetan ez da TAOrik egongo eta aparkaleku horiek erabilgarri egongo dira".

Arretarako telefono zerbitzua

Jaietan, eraso sexisten aurreko telefonozko arreta zerbitzua egongo da martxan aurten ere. Eraso sexista bat jasanez gero, nola lagundu ez jakinez gero edo laguntza behar izanez gero, berehalako arreta zerbitzua eskainiko da 688 60 20 89 telefono-zenbakian. Irailaren 26tik 29ra eta urriaren 3tik 6ra egongo da martxan, 20:00etatik 08:00etara; Herri Egunean, 12:00etatik aurrera.

Lur Gesalagarena da programa osoa dakarren egitarauaren azala. Datozen egunetan banatuko dituzte etxez etxe.

Egitaraua, egunez egun 

Irailak 19, egubakoitza 

  • 18:00. Emakumeen Esku Pilota Master Cup jaialdia, Zubikoa pilotalekuan. 
  • 19:30. Bertso jaialdia, Santa Ana aretoan: Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Urko Arregi, Aroa Arrizubieta eta Aitor Mendiluze. 

Irailak 20, zapatua

  • 11:00. Atsolorra, udaletxeko batzar areto nagusian, urtean zehar jaiotako haurrei ongietorria egiteko. 
  • 11:30. Erraldoien konpartsak, Kanpantxotik irtenda. 
  • 16:00. 46. San Migel eskubaloi txapelketa, Zubikoa kiroldegian.
  • 16:30. 16. San Migel mus txapelketa, Portuko plazan. 
  • 18:00. 46. San Migel eskubaloi txapelketa, kiroldegian. 
  • 18:00. Haurren danborrada. 

Irailak 21, domeka

  • 10:30. Nazioarteko 65. Artzain Txakurren Trebetasun Lehiaketa, Santa Lutzian. 
  • 15:30. Herriko bola-joko txapelketa, San Martinen. 
  • 17:00. Arku tiraketa erakustaldia, San Martin zuhaiztian. 

Horrez gain, 21. Aire Libreko Margo Lehiaketa egingo da goizean zehar, eta 14:30ean izango da sari banaketa, Kultur Etxean. 

Irailak 26, egubakoitza

  • 22:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan. 

Irailak 27, zapatua

  • 11:00. Auzolinpiadak, txosnagunean. 
  • 12:00. Tailer erakustaldia Euskal Herriko Casteller Taldearekin, plazan. 
  • 14:00. Bazkaria, txosnagunean. 
  • 17:00. Herriko pilota txapelketako finalak, plazako pilotalekuan. 
  • 18:00. Elektrotxaranga, txosnagunean. 

Irailak 28, domeka

  • 12:00. Meza nagusia, Parrokiako koruak abestuta. 
  • 18:00. Ardatzak ikuskizuna, Zirkozaurre konpainiaren eskutik, plazan. 
  • 18:00. Txosnagunearen irekiera. 
  • 18:30. Txaranga, txosnagunean. 
  • 19:30. Gotzon etxera, bizirik kalejira, Etxaluzeko parketik txosnagunera. 
  • 20:00. Txantxikuaren jaitsiera, jaiei hasiera emateko. 
  • 20:15. Sukar taldearen dantzaldia, plazan. 
  • 20:30. Andrigina drag show ikuskizuna, txosnagunean.
  • 22:30. Nagusien danborrada. Ondoren, Sukar taldearen dantzaldia, plazan. 
  • 00:00. Testing-a txosnagunean, Ailaket elkartearekin. 
  • 00:00. DJ herrikoiak, txosnagunean. 

Irailak 29, astelehena

  • 09:00. Aita Madina Txistulari Taldearen goiz-eresia. 
  • 12:00. Meza nagusia, Parrokiako koruak abestuta. 
  • 12:00. Kalejira herriko kaleetan, Musika Banda eta Aita Madina txistulari taldearekin. 
  • 12:00-14:00. Haur parkea, Etxaluze parkean. 
  • 13:00. Musika Bandaren kontzertua, plazan. 
  • 15:30. Herri mailako plater tiraketa, Txopekua tiro zelaian. 
  • 17:00-20:00. Haur parkea, Etxaluze parkean. 
  • 20:00. Remember Queen tributu taldearen kontzertua, plazan. 

Irailak 30, martitzena

  • 11:30. Jotak, La Ribera Canta taldearekin, San Martin egoitzan. 
  • 12:00. Berakatz-zopa lehiaketa, plazan. Ondoren, sari-banaketa. 
  • 13:00. Jotak, La Ribera Canta taldearekin, Lazarragako lorategian. 
  • 17:30-19:30. Sokamuturra plazan, Kale Barrian eta Atzeko Kalen. 
  • 20:15. Roberto Etxebarria taldearen kontzertua, plazan. 

Urriak 3, egubakoitza 

  • 19:30. La Furia taldearen kontzertua, Atzeko Kalen. 

Horrez gain, pintxo-poteoa, musikaz girotuta, Txosna Batzordearen eskutik; jarraian, Sol Band eta Pantx Records-en emanaldia, txosnagunean; baita beerpong txapelketa ere. 

Urriak 4, zapatua

  • 09:00. Aita Madina txistulari taldearen goiz-eresia. 
  • 10:30. Azoka, unibertsitatearen inguruan. 
  • 11:00. Kalejira, herriko kaleetan, trikitilariekin, txistulariekin eta Tolosako gaiteroekin. 
  • 12:00. 37. Sagardo Dastaketa, plazan. 
  • 13:15. Lehiaketetako sari-banaketa, unibertsitate inguruan. 
  • 14:30. Herri bazkaria, kiroldegian. 
  • 15:00. Zuk ekarri, zuk jan bazkaria, Antixena gaztetxean. 
  • 17:00. Herri kirolak gaztetxoekin, plazan; ondoren, profesionalen erakustaldia. 
  • 18:00. Elektrotxaranga, gaztetxetik txosnagunera. 
  • 18:30. Zatekeen taldearekin erromeria, Atzeko Kalen. 
  • 19:00. Meza, parrokian. Ondoren, F.Esnalen salbea. 
  • 20:00. Bide Batez taldearekin erromeria, plazan. 
  • 22:00. Letagin, kunbia eta erromeria kontzertuak, txosnagunean. 

Urriak 5, domeka

  • 09:00. Aita Madina txistulari taldearen goiz-eresia. 
  • 12:00. Meza nagusia, Parrokiako koruak abestuta. 
  • 12:00-14:00. Haur parkea, Etxaluze parkean. 
  • 13:00. Rock-banda, Musika Banda eta lagunen eskutik, plazan. 
  • 17:00. 42. San Migel Pilota Txapelketako finala, gazte eta nagusi mailako pilotariak, Zubikoa pilotalekuan. 
  • 17:00-20:00. Haur parkea, Etxaluze parkean. 
  • 18:00. Patata-tortilla txapelketa, txosnagunean. 
  • 19:00. The Taverners taldea, Atzeko KAlen. 
  • 20:00. Nhil taldearen kontzertua, txosnagunean. 
  • 20:00. Meteoro orkestra taldearekin dantzaldia, plazan. 
  • 20:30. Balkoitik balkoirako bertso-saioa, Maider Arregi eta Andoni Egaña. bertsolariekin, Kale Zaharrean. 
  • 22:45. Deabru Beltzak taldearen Su talka ikuskizun ibiltaria. Ondoren, Meteoro orkestra taldearekin dantzaldia, plazan. 

Urriak 6, astelehena

  • 10:00-12:00. Sokamuturra, plazan. 
  • 15:00. Bazkaria, txosnagunean. 
  • 17:30-19:30. Sokamuturra plazan, Kale Barrian eta Atzeko KAlen. 
  • 18:00. Rockalean, kalejira. 
  • 19:00. Dibertsioak, txosnagunean. 
  • 20:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, plazan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak