Unibertsitatearen egoera aztertzea da oraingo eginbeharra

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 15a, 16:20

Oñatiko unibertsitatearen teilatuan dauden zortzi zaindarietatik bat lurrera erori zen egubakoitz gauean tximista batek jota. Eraikina zaharberritzeko lanak hasi aurretik behin behineko esku-hartze bat egitea komeni den aztertu eta erabaki behar du orain Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena da unibertsitatearen zaintza; berak du egina eraikina zaharberritzeko proiektua idazteko esleipena eta orain erabaki behar du asteburuan ura ez sartzeko egin zen estalkiaren babesa nahikoa den edo fatxada eraberritzen hasi aurretik behin-behineko esku-hartzea behar den. Hori erabakitzeko eta egoerari jarraipena emateko, Aldundiko ordezkariak eta teknikoak izan dira egunotan unibertsitatean bertan, kalteak bertatik bertara ikusten eta aztertzen; aste honetan ere etortzekoak dira berriz.

Horrekin batera, esku artean duten beste kezka bat lurrera eroritako zatiak dira. Horiek unibertsitateko kapillan gorde dituzte, eta erortzeko arriskuagatik estalkitik jaitsi zituztenak Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoan uztea erabaki dute. Orain baloratu behar dute pieza horiek birgaitzean erabili ahal izango diren edo jasan dituzten kalteek horretarako aukerarik ematen ez duten.

Nora erori zen tximista?

Egubakoitz gauean gertatu zen ezbeharra. Euria ari zuen, ekaitza, eta hamarrak pasa zirenean sekulako tximista erori zen unibertsitatera. Oraindik, baina, ez dute argi zuzenean horra erori ote zen edo parrokiako jo eta dardarak bota ote zuen unibertsitateko teilatuko irudia, kareharrizkoa eta metro bete baino gehiagoko altuera zuena. Izan ere, unibertsitatean ez, baina ondoko bi eraikinetan, parrokian eta agustindarren elizan daude tximistorratzak.

Udalak hasieratik jarraitu du gertatutakoa gertutik. Egubakoitz gauean Udal Gobernuko ordezkariak unibertsitatera gerturatu ziren eta zapatu goizean Aldundiarekin harremanetan jarri eta bertan egon ziren egoera aztertzen, Diputazioko ordezkariekin batera. "Hemen izan ginen apur bat gunea aztertzen, ebaluazio bat egiten, eta eurek ere momentu horretan ez zuten argi ikusten zer gertatzen zen. Baina argi ikusten zutena zen kalteak inportanteak zirela, eta erabaki zen komeni zela jausitako harri horiek gordetzea eta, era berean, solte, teilatu gainean gelditu zen harri zatia jaistea komeni zela. Horrenbestez, suhiltzaileak gerturatu ziren, eta guk hor ahal genuen laguntza eskaini genuen material hori jaitsi ahal izateko", azaldu du Izaro Elorza alkateak. 

Eraikina zaharberritzeko bidean 

Duela hiru urte, 2022ko abuztuan, unibertsitateko sarrerako irudi baten zatia erori zen lurrera. Ordutik hona, eraikinaren zaharberritzea egitea erabaki da, eta Next Generation funtsetik lortutako diru partida batekin, hori egingo da. 3 milioi daude hori egiteko eta zaharberritzearekin batera, Oñatiko Turismo Bulegoa horra leku aldatuko da eta gela batzuk ikas-gela bihurtuko dira herritarrendako. "Udalaren helburua, azkenean, bazen gure unibertsitatea herrira zabaltzea, eta horretarako bi proiektu horrek aurkeztu genituen Aldundian. Horren harira, eta zaharberritze baten beharraren eta beste lan batzuekin batera, aurkeztu zen Next funtsetara, eta hortik etorri da dirulaguntza. Orduan, guk helburu horrekin jarraitzen dugu: bai turismo eta bai ikasketa-gelena, guretako biak direlako beharrezkoak helburu nagusi hori lortzeko", erantsi du Elorzak. 

Une honetan zaharberritzearen proiektua idazten dabiltza gero lanak esleitzeko; datorren urtean zuritu behar da diru laguntza. Aldundiak jakinarazi du hurrengo pausua, oraingo kalteak baloratzea eta behin behineko esku-hartzerik egin behar ote duten aztertzea eta erabakitzea izango dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak