'Baskonia globalizazioan' jardunaldia hartuko du Oñatik ekainaren 13an eta 14an

Txomin Madina Milikua 2025ko eka. 3a, 14:48

Nabarralde Fundazioak eta Oñatiko Udalak antolatuta, globalizazio garaian Euskal herriak bere buruak definitzeko oinarrien inguruan hausnartuko dute. Hainbat alorretako parte-hartzaileak egongo dira jardunaldian, tartean Joseba Sarrionandia, Xabier Barandiaran edo Isabel Elizalde.

Nabarralde Fundazioa eta Oñatiko Udala dira antolatzaileak. Izaro Elortza alkatearen esanetan, badira urte batzuk bi erakundeak elkarlanean aritzen  direla eta gustura jaso zuten jardunaldia herrian egiteko proposamena: “Ikusten dugu helburu berdintsuak ditugula: gure ondarea babestea, gure kultura eta historia jasotzea eta transmisio lanak egitea. Jardunaldiak helburu hori du, eta hortik harago joanda, baita gure nortasuna mundu globalizatuan kokatzea eta horren inguruan hausnartzea”.

Gaur Oñatin egin duten aurkezpenean Nabarralde Fundazioko kide Angel Rekaldek esan duenez, jendea bera izan da estaturik ez izanda ere Euskal Herriari eutsi izan diona, eta hori horrela globalizazio garaian Euskal Herriak bere burua definitzeko beharrezkoak dituen oinarriak landu gura dituzte jardunaldiarekin. “Nik ezagutu dut frankismoa, trantsizioa eta demokrazia deitzen dioten hori eta euskaldunak hemen gaude jendeari esker, ez instituzioei esker. Instituzioak atzetik datoz gure indarra ordenatzera. Baina indarra jendearengan dago. Hori da fundamentu teorikoa eta jorratu nahi duguna. Immigrazioa, aldaketa klimatikoa, energia… Nola kokatzen gara horren guztiaren aurrean?”.

Askotariko hizlariak

Antolakuntzako kideek, era berean, hitzaldi eta mahai inguruen bidez landu nahi dituzten askotariko gaien inguruan jarduteko gonbidatu dituzten pertsonen aniztasuna azpimarratu nahi izan dute. “Iparraldeko hiru pertsona daude, Nafarroako beste hiru, bizkaitarrak, gipuzkoarrak… Ogibide aldetik ere ikuspegi ezberdinak daude: ekonomialariak, soziologoak, idazleak, sortzaileak…- Emakumeak eta gizonezkoak daude eta ibilbide profesional ezberdineko jendea: Joseba Sarrionandia, Xabier Barandiaran…”, azaldu du Anjeles Iztuetak.

Santiago Alba Rico idazle eta filosofoak ekainaren 13an Oñatiko Unibertsitatean eskainiko duen hitzaldiarekin hasiko da jardunaldia eta ekainaren 14ako prestatu duten egun osoko egitarauarekin jarraituko du Santa Ana Antzokian. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte bertan pare hartzera eta doakoa izango den arren, zapatuko saioa jarraitzeko izena eman behar da nabarralde.eus webgunean.

Egitaraua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak