Hartara, soziologiako, historiako, hizkuntzalaritzako, sindikalgintzako, literaturako eta sorkuntzako aditu andana bilduko dira Oñatin eginen den jardunaldian. Besteak beste, Joseba Sarrionandia, Isabel Elizalde, Roser Espelt, Eneko Bidegain eta Xabier Irujo arituko dira hizlari, beste askoren artean. Ostiralean Santiago Albaren hitzaldiarekin emanen zaio irekiera jardunaldiari, arratsaldeko 19:00etan; eta larunbateko saioa egun osokoa izanen da, 9:00etatik 18:00etara.
Zein kezka edo gogoetak piztu du jardunaldi honen ideia?
Gure Herriak biziraun egin du, gorriak pasatu eta gero ere: gerrak, konkistak, inperioak… Historia gordina izan arren, gure arbasoek erakutsitako batasun, antolakuntza eta lanerako gaitasunek, bizirautea posible egin digute. Garaipen honen frogarik bistakoena, orain hemen bagarela. Gure zenbait bereizgarrik egin dute posible talde izaerari eta ekintzarako gaitasunari eustea.
Momentu honetan, gure kezka da globalizazioa ez ote ari den herriak edo nazioak eraikitzea posible egin zituzten erreferenteak suntsitzen. Kultura globalak bazter guztietan inposatzen du homogeneotasuna. Baina berdin gertatzen da ekonomiarekin, teknologiarekin, inbertsio eta finantza fluxuekin… Egoera berri baten aurrean dago gure nazioa, eta galderak sortzen zaizkigu: gu geu izaten jarraituko ote dugu? Ba ote daukagu lekurik ezleku honetan?
Zein da orduan, jardunaldiaren asmo edo helburua?
Salvador Cardúsek zera dio: nortasuna beste batzuekin batera edo beste batzuei kontrajarriz eraikitzen dela, batez ere azken hauek taldearen izaera eta biziera kuestionatzen dituztenean. Eta beti, komunitatea etorkizunerantz proiektatuz eraikitzen dela nortasuna.
Esan bezala, gure gizarteak ezaugarri batzuk garatu ditu, habitus bat, zeintzuek ahalbidetu duten orain arte biziraun zezan. Zentzu honetan, jardunaldiaren helburua da egungo egoeraren diagnostiko bat egin, eta gure etorkizuneko aukeren prospekzioa egitea.
Espezialista talde on bat bildu duzue, kulturako eta herrialdeko akademiako figurak, Oñatiko edizio honetarako. Zein irizpiderekin planteatu duzue adituen bilaketa hori?
Garai berriak dira. Giza bizitza gero eta gehiago hirietan kontzentratzen da, eta gure lurraldean hiriek kontzentratzen dute herrialdearen dinamismo soziala. Bilbo, Iruñerria, Baiona-Donostia... Bitxia bada ere, hori gutxi aztertu da; Euskal Herriko herri arketipikoa landatar gisa definitu da, bere tradizioei atxikia, lurraldean sakabanatua; hori ez da horrela inondik inora, eta herrialdea beste ikuspegi batzuetatik pentsatu behar da. Horretarako, hautemateko gaitasun zorrotza erakutsi duten pertsonak deitu ditugu. Eta gizartearen, kulturaren, ekonomiaren, demografiaren, lurraldearen, klima-aldaketaren... gako berriak azaltzen ahalegintzeko eskatu diegu.
Globalizazio garaiotan, zaila al da euskal nazioa definitzea? Edo, beste ertz batetik, munduko testuinguruak zaildu egiten du Estaturik gabeko nazio gisa dugun egoera?
Euskal nazioa definitzea baino zailagoa, orain arte historia, hizkuntza, mapa eta lurraldea tresna gisa erabilita egin dugun hori, uste dugu herria proiekzio klabean pentsatzeko beharra dagoela; etorkizuneko ikuspegi bat; eta horrek eskatzen du daukagun gaitasunaren diagnostiko bat; hau da, dauzkagun erabakitzeko baliabideena, eskumenena, subiranotasunarena. Ikusten dugu estatuak ekaitzaldi global horren aurrean kokatzen direla erabaki estrategikoekin (aliantzak, protekzionismoa, immigrazioaren aurkako neurriak...). Guk, Estaturik ez dugunez, nola erreakzionatzen dugu? Zer egin dezakegu munduan dugun posizioa optimizatzeko? Ikuskizun...
Zailtasunak agerikoak dira, baina zer dugu alde? Garaiotan zerk egiten digu mesede, zer erabil dezakegu herri gisa dugun kohesioa berresteko edo indartzeko?
Erronka zaila da, jakina, abian diren joerak oso indartsuak baitira: gerrak, migrazioak, finantza-fluxuak, energien edo klima-aldaketaren krisiak... Uste dugu gure alde jokatzen duela Farinellik aipatzen duen gako batek, zeinak esaten baitu globalizazioak "fluxuen planoan jarduten duela; eta, horregatik, lekuei lotuta mantentzen dela" (lekua = espazioa + jendea). Biztanleriari, memoriari, identitateari... lotutako kontzeptua da. Leku bateko jendea da bere lehen indargunea, eta hortaz, pentsatzen dugu gure herria batez ere jendea izan dela: hizkuntza, kultura, borondatea, mobilizazioa, kontzientzia, lanerako joera... Hor daukagu aukera bat; baina nabarmendu behar da, aktibatu. Eman behar zaio jende horri nazio kontzientziaren eta egitasmo bateratuaren ikuspegia.
Oñatiko jardunaldiak guzti hau jorratuko du. Hausnarketa zaila, egungoa. Etorkizuneko prospektiba. Jarraipena izango du?
Proposatzen dugun bezala, pentsatzen dut ezinbestekoa dela segida ematea; ez dugu herrialdearen etorkizuna jardunaldi batean konponduko, adituak zein trebe diren ere. Gure asmoa da eztabaida abiaraztea, oinarri berrien gainean planteatzea, eta ikertzen jarraituko duen think tank baterako oinarriak jartzea. Hori, lehenik eta behin, Oñatiko jardunaldiaren ponentziak eta ondorioak bilduko dituen argitalpen batean zehaztuko da. Baina, gero, kongresu honen edizio berriekin jarraitzea gustatuko litzaiguke, ekarpen, sarrera eta kapitulu berriekin. Denborak esango.