Argitzen prozesu hau aurkeztu aurretik Udal gobernuek, bailarako eragileek, industria eta ehun komunitarioek elkarlanean egindako hausnarketa bat egon zen eta hainbat ondorio atera zituzten hortik. Gorka Artolak, Mandatu Organoko kideak azaldu digunez, "Aurretik dauzkagun erronkak oso handiak eta konplexuak direla, bereziki, trantsizio eko-sozialaren bueltan eta energiaren bueltan, adostasunen beharra zegoela". Adostasun hori bilatzeko, "prozesu deliberatibo" baten beharra dagoela ikusi dute.
Aurkezpenean azpimarratu nahi izan dute, prozesu osoan zehar eragile eta herritarrak inplikazio maila handia erakustea, izan ere, eskualde mailan eman behar da aldaketa, baina adostasunetik.
Prozesuaren funtzionamendua
Norabide aldaketa bat bai, baina zein noranzkotan? Hori da eskualdeko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrek, landuko duten galdera. Horretarako, bi talde sortu dituzte: Herritarren Batzarra eta Mandatu Organoa.
Herritarren Batzarra osatzeko, Debagoieneko 50 herritar aukeratuko dira zozketa bidez. Baina bi fase izango ditu honek. Eva Maria Gayubok, Mandatu Organoko kideak eman dizkigu prozesuaren inguruko azalpenak: "Lehenengo fasean, debagoiendar kopuru handi batek jasoko du prozesuan parte hartzeko gonbita. Onartzen dutenen artean, beste zozketa bat egingo da 50 geratu arte". Azken fasera iristen diren 50 horiek, bost saiotan zehar ezagutza jasoko dute baita proposamenak lantzeko laguntza ere. Behin hori eginda, gomendio-sorta bat osatu beharko dute.
Hortik aurrera, Mandatu Organoa osatzen duten sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek izango dute gomendio-sorta horri erantzun bat emateko ardura.
Prozesu luze baten ondoren, prozesua aurkeztuta, pozik eta esperantzaz bai, baina arduratik ere begiratzen diote aipatu ditudan eragile eta ordezkariek aurretik daukaten lanari.