Oñatiko gertakarien ikerketak zabalik jarraitzen du

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko urt. 2a, 14:51

Oñatin gertakari batekin hasi da urte berria; 32 urteko gizonezko bat atxilotu dute, bost laguni labanaz eraso egitea egotzita. Udaletik, Izaro Elorza alkateak adierazi du erasoaren ingurukoak argitzeko lanean jarraitzen dutela.

Aita Madina kalean, bi tabernaren artean, kalean, hasi zen erasoa urtarrilaren 1eko 06:30ak inguruan. Ertzaintzak adierazi duenez, lekukoen arabera, bi pertsonaren arteko eztabaida hasi zen lehenengo eta, ondoren, borroka hasi zen. Inplikatuetako baten lagunek beste inplikatua banandu eta laguntzen saiatu zirenean, ustezko erasotzaileak labana bat atera eta bost pertsona zauritu zituen arma zuriarekin; lau gizonezko eta emakumezko bat. Arrasateko Ospitalera eraman zituzten, eta horietako bati hankan ebakuntza egin behar izan diote.

Ertzaintzaren arabera, biktimek lortu zuten 32 urteko ustezko erasotzailea desarmatzea. Hasiera batean ihes egin zuen, baina, azkenean, ertzain patruila batek atxilotu zuen Foruen Enparantza inguruan, Kale Barria hasieran. Ertzain-etxera eraman zuten akusatua, lesio delitua leporatuta, eta ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko asmoz. Han jarraitzen du.

Oñatiko Udaletik, Izaro Elorza alkateak adierazi du erasoaren ingurukoak argitzeko lanean jarraitzen dutela, zabalik jarraitzen duela ikerketak; era berean, "ezbehar puntual" hori gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi die zauritutako pertsonei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak