Abian da Aloña Mendiren Mendi sailak urtero antolatzen duen mendi hamabostaldia eta oraingo honetan Mendian Gora izeneko erakusketaren inaugurazioa izan da ekimenari hasiera eman diona.
Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioa, Emmoa, da erakusketaren sortzailea eta gaurko inaugurazioan bisita gidatua eskaini die Oñatiko kultura etxera gerturatu direnei idazlea eta kazetaria izateaz gain fundazioaren idazkaria ere baden Antxon Iturrizak.
Iturrizaren esanetan, euskal mendizaletasunaren mende bat baino gehiagoko ibilbidea jasotzen dute erakusketa osatzen duten 22 panelek: "Euskal Mendizale Federazioa Elgetan sortu zen 1924an, baina ez zen perretxikoak bezala bat-batean sortu. Aurretik ere bazegoen mendizaletasuna eta hala, mende eta erdiren errepasoa egiten du erakusketak". Erakusketak, modu laburrean, euskal mendizaletasunaren ikuspegi zabal bat eskaintzen duela gaineratzen du Iturrizak: "Nola sortu zen eta gaur egun non gauden jasotzen du. Elkanok itsasoz eman zion buelta munduari. Guk ere horrelaxe egiten dugu erakusketan, munduari eta historiari buelta bat ematen diogu, baina gainez gain".
Dio, era berean, urtetan batutako informazioarekin eta argazkiekin euskal mendizaletasunaren historian zehar egon diren pertsonai berezienak ezagutuko dituela erakusketa bisitatzen duenak: "Gure mendizaleen arbasoak nor izan ziren jakingo du; nondik gatozen, non gaude eta norantza goazen ikusteko. Gure bidea zabaldu zutenak ezagutzea eta zer egin zuten jakitea oso garrantzitsua da".
Azaroaren 22ra arte
Erakusketa azaroaren 22ra arte egongo da ikusgai Oñatiko kultura etxean, astelehenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:00etara.
Mendi hamabostaldiaren hurrengo hitzordua, bestalde, azaroaren 14an izango da. Mendi Film Festival-eko sei film labur eskainiko dituzte egun horretan zinema aretoan, 19:30ean hasita.