ALBISTEAK

Bartzelonako 'Mel' eta Moises Tarres nagusitu dira Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakur txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 22a, 18:04

Tarragonako Aritz eta J. M. Plegezuelosek eskuratu dute bigarren saria, eta Aresoko Bat eta Antonio Alustizak egin dute hirugarren. Azkenean, eguraldi onarekin egin dute txapelketa Santa Lutzian. Hainbat lekutatik etorritako hamahiru txakur eta artziain aritu dira nor baino nor.

Bartzelonako Viladrau herriko Mel eta Moises Tarres izan dira onenak. 495 puntu batu dituzte eta halako hitzorduetan gorabehera handiak egon badaitezke ere inor gutxi harritu da. Kataluniako txapeldunak dira eta oso emaitza onak lortzen ari dira. "Txakur eme gaztea du eta ia dena irabazi du Katalunian, eta oso ondo dabil. Emango du zeresana", aipatu du ondo ezagutzen dituen eta gaur bigarren sailkatu den Jose Maria Pleguezuelos artzainak.

"Txakur ona dut, hori horrela da, baina txapelketa hauetan bi faktore nagusi daude; txakurra ona izatea eta zorte apur bat edukitzea. Irabazle izateko bospasei txakur zeuden gaur hemen", aitortu du Tarresek. "Egia esan, dena irten zaigu ondo. Txakurrak bikain egin du, ez du batere hutsik egin", esan du txapela buruan.

Lorpen handia da Tarresendako Oñatiko Nazioartekoa irabaztea. Emozioz azaldu du: "Hau txapeldunen txapelketa da. Telebistatik ikusi izan dut askotan, eta benetan diot ez nuela uste nik inoiz irabaziko nuenik. Baditut lagunak txapela hau irabazi dutenak. Ondo ikusteko lekuan jarrita dauzkate Oñatiko txapelak. Nik ere berdina egingo dut; nire etxean sartzen den edonork ikusiko du. Sarreran bertan jarriko dut".

Bigarren saria ere Kataluniara

Tarragonako La Canonja herriko Aritz txakurrak eta Jose Maria Pleguezuelos artzainak jaso dute bigarren saria. Kataluniako txapeldunordeak dira. Hala ere, zortea aipatzen zuen artzainak amaieran. "Zorte apur bat izan dugula aitortu behar dut. Artalderik gabeko artzaina naiz ni. Ezin dut txakurra entrenatu. Eguenean entrenatu genuen beste artzain baten ardiekin. Egia da, Aritz oso ona da. Hainbeste denbora ardirik ikusi gabe egon eta gero, ez nuen uste halako lan ona egingo zuenik". Pozik itzuli da etxera Pleguezuelos.

Hirugarren saria Aresora

Bat eta Antonio Alustizak egin dute hirugarren eta lehen euskaldunak izan dira. Nafarroako txapeldunak dira aurten eta Aresoko artzainak irabazita dauka Oñatiko Nazioartekoa 2010ean, 2011n eta 2012an, orduko haietan Ttiki txakurrarekin. "Gaurkoan lehenengo ariketa nahiko ondo egin dugu, eta bigarrena ere bai hasieran. Baina ez dugu lortu artaldea eskortan sartzerik eta hortxe egon da".

Sari bana bi artzain gazteenei

Txapelketan parte hartu duten hamahiru parte-hartzaileek jaso dute sari bana. Antolatzaileek, ordea, keinu berezia izan dute artzain gazteenekin eta aparteko sari bana jaso dute bi gazteenek. Alde batetik, Zallako Imanol Diazek; zortzigarren sailkatu da Loli txakurrarekin. Beste aldetik, Izturitzeko Antton Aranburuk; laugarren egin du Rap txakurrarekin.

Zozketak

Antolatzaileek antolatutako zozketarekin lotuta jakin hiru sarietatik bat ez dela oraindik banatu ez delako sariturik azaldu; hirugarren saria, hain zuzen ere. Saria da bi lagunendako bazkaria Lizar-etxe jatetxean eta zenbaki saritua 895. Sarituak antolatzaileekin jarri behar du harremanetan.

 

Sailkapena

  1. Mel eta Moises Tarres (Viladrau, Bartzelona)                       495
  2. Aritz eta J.M. Plegezuelos (La Canonja, Tarragona)              466
  3. Bat eta Antonio Alustiza (Areso, Nafarroa)                            387
  4. Rap eta Antton Aranburu  (Izturitze, Behe Nafarroa)           361
  5. Fidel eta Aitor Tato (Ataun, Gipuzkoa)                                   228
  6. Sua eta J.M. Jauregi  (Ilarduia, Araba)                                     227
  7. Lis eta Fidel Alonso (Areta-Laudio, Araba)                             217
  8. Loli eta Imanol Diaz  (Zalla, Bizkaia)                                        214
  9. Mendi eta Karlos Ardanza (Abadiño, Bizkaia)                        214
  10. Orai eta Jean Paul Iriken (Itsasu, Lapurdi)                              187
  11. Mendi eta Jabier Zubiaurre (Mutriku, Gipuzkoa)                  140
  12. Bosquet eta Migel Adrover (Felinits, Mallorca)                     137
  13. Jani eta Ismael Boix  (Morella, Castello)                                 38
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak