Oñatiko Santa Ana antzokian egindako estreinaldian izan dira Eusko Legebiltzarrerako EAJko Debagoienako hautagaiak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin batera. Arantzazuren balio immaterial esanguratsua eta Euskal Herriaren eraikuntza soziokulturalean duen garrantzia azpimarratu ditu Zupiriak: "Arantzazu eduki sakonez betetako tokia da euskaldunontzat, gure iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin lotzen gaituena".
Hautagai jeltzaleek gaineratu dute: "Ezin liteke euskal nortasuna eta kultura Arantzazu gabe ulertu" eta belaunaldi berriei haren historia, ondarea eta balioak transmititu beharraren garrantzia aldarrikatu dute, "katea ez dadin eten"; izan ere, Arantzazuren historia "kristautasunari, fedeari, kulturari, musikari eta euskarari lotuta dago".
Zupiriak azaldu du Arantzazuren inguruan: "Orain gure gizarteak gaur egun dituen kezka eta eraldaketei lotua dago. Lehengo eta oraingo euskaldunon erreferente" da Arantzazu, baina baita etorkizunekoena ere, "leiho izugarria" delako "gure gizartearen geroaz gogoeta egiteko, naturari eta aldaketa klimatikoari lotzen gaituelako, bizimodu osasuntsuari eta jasangarritasunari eta, dudarik gabe, etorkizunean ere gizakiok beti sentituko dugun barne munduaren gordailu ere badelako".