Azaroaren 28an egin zuten Arantzazu. 36 zm, 5 Mende, Herri 1 ikus-entzunezkoaren aurkezpen instituzionala Gandiaga gunean. Hainbat lekutan ikusgai egon ostean, atzo heldu zen Oñatiko Santa Ana aretoan lehen emanaldia egiteko eguna.
Lepo bete zen aretoa eta emanaldi hutsa baino zerbait gehiago izan zen. Eñaut Elorrietaren sarrera musikatuarekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Besteak beste, Bitoriano Gandiagaren hitzekin sortutako Hemen ez dago kantua abestu zuen lehenengo aldiz Elorrietak.
Oñatiko alkate Izaro Elorzaren hitzartzea heldu zen jarraian. Arantzazuri buruzko dokumentala egin izana eskertu zien bultzatzaileei eta Arantzazu moduko ondarea mantentzearen garrantziaz aritu zen. Arantzazu. 36 zm, 5 Mende, Herri 1 ikus-entzunezko berezia da zalantzarik gabe oñatiarrendako. Emozioak eragingo zituela aurreratu zuen Elorzak, eta horrela izan zen.
Ondoren heldu zen 70 minutuko ikus-entzunezkoaren emanaldia. Frantziskotarrek arlo sozial, kultural eta espiritualean herriari egindako ekarpena jasotzen du lanak. Horrekin batera, Arantzazuk bere baitan eskaintzen dituen natur baliabideak eta bake giroa. Euskal Herriko askotariko ahots ezagunek egindako gogoetak jasotzen ditu dokumentalak. Mahai inguru batekin eman zioten amaiera ekitaldiari.
Atzoko estreinaldirako sarrerarik gabe gelditu zirenek dokumentala ikusteko aukera berria izango dute zine aretoan eta ohiko ordutegian gaur, bihar eta astelehenean.