Atzo, martitzena, Arantzazuko Gandiaga Topagunean egin zuten Arantzazulab-Arantzazu Gaur fundazioak sustatutako Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1 dokumentalaren aurkezpen instituzionala. Pilar Kaltzada kazetariak gidatu zuen saioa, Joxe Mari Arregi, Eider Mendozak, Pello Sarasuak, Izaro Elorzak eta Naiara Goiak hartu zuten hitza, hurrenez hurren, eta 40 lagun inguruko aforo mugatu batek ikusi ahal izan zuen Arantzazu eta frantziskotarrak ardatz dituen dokumentala.
Arantzazutik urtetan egin den ekarpena ezagutzera emateko 70 minutuko dokumentalak elkarrizketa bidez jasotako lekukotzak erakusten ditu, istorioari barruko nahiz kanpoko ikuspegia emateko. Alde batetik, zazpi frantziskotarren testigantzak jaso dira, eta horiek dira Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Anjel Txabarri, Manolo Pagola eta Paulo Agirrebaltzategi. Beste alde batetik, Arantzazurekin modu batean edo bestean harremana izan duten beste zenbait aurpegi: Joseba Intxausti –2023ko abuztuaren 18an zendu zen, dokumentala edizio fasean zegoenean–, Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne Guridi.
Frantziskotarren ekarpenak
Dokumentala osatzeko 25 ordutik gora grabatu dira. Pello Sarasua zuzendariak azaldu zuen frantziskotarrek harreman "oso estua" izan dutela herriarekin eta ekarpenak egin dituztela arlo espiritualean, sozialean eta kulturalean: "Hori ulertzea zaila izan daiteke fraide batzuetaz izan dezakegun ikuspegi estereotipatu batetik. Hori dela eta, dokumentalean bi begirada uztartzen dira: Batetik, barrura begirakoa, alegia, komentu barrura, beraien bizi-aukera hori ulertzeko; eta bestea, kanpora begira, herrian eta herriarekin egin duten lana ulertzeko".
Protagonistetako bat da Joxe Mari Arregi frantziskotarra eta emanaldiaren ostean gustura agertu zen ikus-entzunezkoaren emaitzarekin. Oraindik frantziskotarretatik gutxi batzuk ikusi badute ere, adierazi zuen gustatuko zitzaiela. Era berean, dokumentalean parte hartze hori nola bizi izan zuen kontatu zuen: "Hasieran pentsatu genuen: Kontatu beharrekoa ez da luze joango, ordu erdirekin nahikoa izango da. Baina elkarrizketak solasaldi luze bilakatu ziren, 3 ordukoak-edo. Ondorengo lan-prozesuaren ere lekuko eta partaide zuzenak izan gara, eta orduan bai, hor bazegoen zerbait dokumental eran gizarteratzeko. Jende askorentzat Arantzazu erreferentzia izan da eta da oraindik ere. Baina beste askok ez dute asko ezagutuko Arantzazu eta berarekin lotura dituzten hainbat ekarpen. Dokumentalak horretarako balio badu, ondo".
Arantzazulab etapa berri batean
Arantzazuko ondarea ezagutzera emateko lanean dihartu Arantzazulabek azken urteetan, eta horren erakusle da dokumentala, esaterako. Naiara Goia Arantzazulabeko zuzendari nagusia "pozik" agertu zen egindako lanarekin eta balioan jarri zuen egindako lana: Arantzazutik egin den ekarpena ondare immaterial eran jasotzean balio sozial eta historiko handia duela uste dugu, eta euskal gizarteari ezagutzera ematea garrantzitsua da, gure historiaren eta izanaren parte baita. Eskerrak eman nahi dizkiot Frantziskotar komunitateari bere eskuzabaltasunarengatik, eta baita dokumental honen parte izan diren guztiei ere. Bakoitzak beretik egin duen ekarpena oso esanguratsua da".
Gizarteari egindako ekarpenaz
Dokumentalaren sustatzailea den Arantzazulab fundazioaren patronatuko kide diren instituzio publikoetako ordezkariek ere proiektuaren balorazioa partekatu nahi izan zuten. Honakoak izan ziren Eider Mendozaren Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzak: "Arantzazuko frantziskotarrek Euskal Herriarekin izan duten harreman estua honela ulertu daiteke; beti egon dira herritik oso gertu eta baita herria Arantzazutik ere. Berritzaileak izan dira, eta beti aurrera egin dute. Herritarrekin batera, garaian garaiko erronketan eragile izateko gaitasuna izan dute eta elkarlan horrek bere fruituak eman ditu".
Izaro Elorza Oñatiko alkatea, berriz, Arantzazuk Oñatirentzat eta euskal gizartearentzan duen garrantziaz mintzatu zen: "Arantzazu, Oñatiren parte da. Herritarrek, auzotarrek, alor desberdinetan jardun duten euskal herritarrek...esangura handia izan dute Arantzazuren iraganean. Eta Arantzazuk esangura handia izan du haiengan. Herria eta Arantzazu beti egon dira elkarloturik. Garrantzitsua da, beraz, ikuspegi bat edo beste oinarri, Arantzazuren iraganaz jardutea. Egungoa ulertzeko, funtsezkoa da atzera begirakoa ezagutzea”.
Estreinaldia Durangoko Azokan
Aurrestreinaldia ZINEBI zine jaialdian egin zuten aurrestreinaldia, atzo aurkezpen instituzionala, eta dokumentalaren estreinaldia Durangoko Azokaren lehen egunean egingo da, abenduaren 6an, hain zuzen ere. Irudienean proiektatuko dute, arratsaldeko bostetan. Halaber, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak adierazi zuen urtarriletik aurrera zinema-aretoetan estreinatzeko asmoa dutela.