Ekainaren 10ean hasi zen bainu denboraldia bertan eta lehen astean izan ezik, beste guztietan debekatuta egon da. Osasun Publikoak astelehenero, uraren kalitatea neurtzeko hartutako laginek, emaitza txarrak eman dituzte orain arte. Hori dela eta, Oñatiko Udalak, paraleloki beste lagin batzuk hartzeko erabakia hartu du zortzi puntu ezberdinetan, arazoaren fokua aurkitzeko asmoarekin.
Hurrengo neurketak astelehenean egingo dituzte, eta gaur gaurkoz, datorren asteartera arte bertan bainua hartzea debekatuta egongo da
Herritarrak, atsekabetuta
Irtenbideak aurkitu edo bainatzeko aukera egon bitartean herritarren artean ere kezka da nagusi. Gazte askorentzat, izan oñatikoa edo inguruko herrietakoa, uda sasoia igarotzeko tokia izaten da Usako, eta egoera ulertzen duten arren, atsekabe handiarekin daramate egoera. Batzuk herriko igerilekura edo alboko herrikora mugitzen hasiak dira; beste batzuk zuzenean plaiara joateko erabakia hartu dute.