Usakoko erreka aztertzen ari da Udala, uraren kalitatea hobetzeko zer egin jakiteko

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko uzt. 12a, 08:37

Usako.

Usakoko uraren kalitatea neurtzeko harturiko azken laginek emaitza txarrak eman dituzte eta han bainatzeko debekuak bere horretan jarraituko du, gutxienez, datorren martitzenera arte, hurrengo analisien emaitzak jaso arte. Udalak Usakotik gora hartu ditu laginak arazoaren iturria identifikatzeko eta irtenbideak aztertzeko.

Astelehenean, uztailak 10, hartu zituen azkenengoz laginak ur analisiak egiteko. Osasun sailak gomendatutako tartetik gorako emaitzak eman dituzte lagin horiek –E.coli baktorio kontzentrazio altuak– eta Usakon bainatzeko debekuak indarrean jarraitzen du. Osasun sailak datorren astelehenean, hilak 17, hartuko ditu lagin berriak, astelehenero moduan, eta emaitza horiek jakin arte behintzat, 18ra arte, bainurako debekua mantendu egingo da.

Errekaren zati askotan errepikatzen dira emaitza txarrak

Ekainaren 10ean hasi zen bainu denboraldi ofiziala Usakon baina 13an bainua debekatu zuten ur kalitatea neurtzeko analisien emaitzak txarrak zirelako eta horrela jarraitzen du egoerak. Osasun adituekin kontrastatu du egoera Udalak eta dio errekan gora dauden zenbait gunetan neurketak egiten hastea erabaki duela, "emaitzak okertzea eragingo lukeen gune zehatzik balego, identifikatu, horren eragileak zeintzuk liratekeen ikusi, eta balizko irtenbideak aztertzeko". Uztailaren 6an egin zituen neurketa horiek. "Ez da gomendaturiko tartetik gorako emaitza duen gune jakin bat. Errekaren zati askotan errepikatzen den egoera da. Emaitzak esku artean, arazoaren iturriaren identifikaziorako bide berriak aztertu beharko dira. Irtenbideak bilatzen jarraituko du Udalak", azaldu du prentsa oharrean Saioa Arkonada Perezek, kiroleko batzordeburuak.

Nayade sistemaren barruan dago Usako

2021eko martxotik dago Usako Nayade erregistroan, eta horrek eskatzen du astero egin behar direla uraren analisiak, laginak hartuta, eta emaitza horien arabera ematen edo debekatzen du bainurako baimena Osasun publikoak. "Covid garaian, Usako moduko espazioak erabili ahal izateko baldintza zen Nayade erregistroan izena ematea eta horrek zekartzan neurriak hartzea. Horren alde egin zuen Udalak, uste izan baitzen Usako moduko espazioak lagungarri ziratekeela herritarrak bizitzen ari ziren egoera latza leuntzeko, beti ere, osasun baldintza egokiak bermatuz. Eta halaxe izan zen", argitu du Arkonadak.

Bainatzeko debekua adierazten duten kartelak jarrita daude Usako inguruetan eta datorren asteartera arte, printzipioz, ez dira kenduko. Sorosleek ere, bainu debekuaren berri ematen jarraituko dute eta Udalak arazoaren iturria bilatzeko lanean, ezer egiterik balego, balizko neurriak hartzeko. Bitartean, bainatzeko beste toki batzuk erabili beharko dituzte herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak