Sendabelarrez gehiago jakiteko irteera egin dute Natur Eskolan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 4a, 17:07

Garbiñe Larrea gidari dutela, sendabelarrei buruzko azalpenak jaso dituzte goizean Natur Eskolan egin duten irteerara joan direnek. Adibidez, intsusa, asuna edo bostorria identifikatu dituzte urruti joan barik, eta horien gaineko jakintza jaso dute.

Sendabelarrak ezagutu eta horien gaineko jakintza handitzeko hitzordua zuen antolatuta gaur goizerako Oñatiko Natur Eskolak. Hantxe elkartu da 25 bat herritarreko taldea eta eraikinaren bueltan eta Aldakiñoko aldaparaino bitarteko zatian egin dute ibilalditxoa, sendabelarretaz asko dakiela erakutsi duen Garbiñe Larrearen gidaritzapean eta Natur Eskolako hezitzaileen laguntzarekin.

Huntza, zaingorria, txikori-belarra, asuna, bostorria, zolda-belarra eta mihura ikusi dituzte, besteak beste, eta horien gaineko azalpenak eman dizkie Larreak, zertarako diren onak edo noiz ez diren hartu behar azalduz, esaterako. Irteeraren hasieran, baina, belarrak fresko edo lehortuta hartzea ez dela berdina utzi du argi, zer belar zertarako nola hartu behar den gomendatuz.

Azaldu du, adibidez, asuna noiz hartu daitekeen antihistamiko moduan edo bostorriak ze onura dakarren oduluzkiko arazoetarako. Baita belarraren orria, lorea edo txortena, zer den balekoa eta nola jardun behar den bere propietateak ateratzeko. Ukendua eginda, infusioan edo trapu batean batuta erabil daitezkeela ere azaldu du eta herritarrek egindako galderak erantzun ere bai.

Irteera egin aurretik, eskuorri batzuk banatu dizkie bertaratutakoei, hain zuzen ere irteeran identifikatu dituzten belarren inguruko azalpenekin. Sendabelarrei buruzko bi liburu ditu argitaratuta Garbiñe Larrea Iturraldek: Sendabelar baratzea eta Sendabelarrek dakitena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak