532.000 euro jaso ditu Oñatiko Udalak Europatik, Natur Eskolarako

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urt. 20a, 14:08

Oñatiko Udalak 532.000 euroko laguntza jaso du Europar Batasuneko Next Generation funtsetik.

Eraikin publikoen birgaitze iraunkorrari loturiko programaren diru laguntza deialdian aurkeztu zuen Udalak Natur Eskolaren proiektua, eta, 2022ko abenduan horri dagokion hasierako ebazpena jaso ondoren, urtarrilean heldu da berrespena, Udalak aditzera eman duenez. "Ahalegin berezia egin dugu Europar Batasuneko Next Generation funtsetik eratorritako diru laguntzei begira. Ekarpen esanguratsua jaso dugu, birgaitzearen nolakotasunaren aitortza modura ere uler daitekeena", dio Izaro Elorza alkateak.

Bioeraikuntzan oinarrituriko birgaitzea izan da Oñatiko Natur Eskolakoa. "Proiektu berezia izan da, eta, beraz, berezia izan da bertan eginiko ahalegina. Ez da espazio soil bat, eraikina bera ere heziketarako bitarteko baita. Horixe bilatu dugu hasieratik. Eta zela ez, urrats berriak egin gura izan ditugu efizientziaren, energia berriztagarrien... bidean. Esan daiteke, hein batean, hori guztia aitortua geratzen dela Next Generation funtsetik jaso berri dugun laguntzarekin", azaldu du Oñatiko alkateak.

Natur Eskolan egin diren apustuen artean daude: eraikina isolatzea, ondorioz, energiaren kontsumoa murrizteko; su-egur bidezko inertzia handiko berogailua; ikasgelak berotzeko eguratseko energia termikoa baliatzen duen aerotermia sistema edo ur zikinak garbitzeko fito-arazketa putzua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak