Ekainaren 12an da Aita Madina omentzeko prestatu duten egitarauko lehen kontzertua

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mai. 31a, 07:30

Ekainaren 30an beteko dira 50 urte musika konposatzaile oñatiarra hil zela, eta hura omentzeko egitaraua prestatu du Artixa kultura elkarteak Udalaren laguntzarekin. Musikegunak zikloan sartu dute, gainera, lotutakoa. 

50 urte beteko dira hilabete barru, ekainaren 30ean, Aita Madina musika konposatzaile oñatiarra hil zela, eta hura omentzeko egitaraua prestatu dute. Ekainaren 12an izango da lehen kontzertua, parrokian: Aitor Olea organo jotzaile durangarrak eta Amaia Azpiazu abeslari oñatiarrak eskainiko dute. Buenos Airesen eta Ameriketako Estatu Batuetan idatzitako piezak jo eta abestuko dituzte. 

Iñaki Olalde, Joxe Fernandez eta Aitor Olea astelehen goizeko aurkezpenean.

Gizonezkoen ahotsetarako ez ezik, abesbatzendako, orkestrarako, operak... askotariko obrak idatzi zituen Aita Madinak. Baita organoan jotzekoak ere. Xabier Ugarteren eta Esteban Irustaren bidez heldu zen Madina Aitor Olearengana: "Haren Aita Gurea baino ez nuen ezagutzen hasieran eta 1985ean, Juan Carlos Irizarren zuzendaritzapean Bartzelonan grabatutako zinta oparitu zidaten, Poema sinfonico coral Arantzazu. Zinta apurtu arte entzun nuen". Organorako egindako piezak ikusita, berezitasun handikoak zirela dio.

Agustinoen elizako artxiboan

 Laterandarren, agustinoen, elizako artxiboan daude Aita Madinaren lanak, partiturak, eta haiek sailkatzen eta katalogatzen ibili dira Xabier Ugarte eta Jotxo Larrañaga azken bizpahiru urtetan, heriotzaren urteurrenerako prest egon zedin lana. Artixa Kultur Elkartearekin batera prestatu dute orain, urteurreneko egitaraua. "Beraiena da lana. Artixako kideok lagundu baino ez diegu egin", elkarte horretako Joxe Fernandezek adierazitakoa.

Musikegunak zikloaren barruan

Hasieratik izan du Udala bidelagun Artixak egitasmo honetan eta pozik hartu du kultura sailak herritarrengandik etorritako ekimena. Aita Madinaren garrantziagatik, gainera, aurtengo Musikegunak zikloaren barruan sartu du Udalak Zubillagako Txipitxaile baserrian jaiotako semearen lanak hobeto ezagutzeko antolatu den egitaraua. "Azaroan egin ohi da Musikegunak, baina aurten ekainaren 12an hasiko da eta udazkenean bukatu", esan du Oñatiko Udaleko kultura batzordeburuak, Iñaki Olaldek.

Sarrerak, 5 euro

Ekainaren 12an izango da lehen kontzertua eta uztailaren 3an, auzoko jaien bueltan, haren kantuak abestuko ditu Oñati abesbatzak Zubillagako ermitan egingo den mezan. Urriaren 9an Bidaurretan egingo du emanaldia Oñati abesbatzak Mirengu Plazaolaren gidaritzapean eta hil horren 16an, berriz, disko aurkezpena egingo dute, Esteban Urzelai oñatiarrak zuzenduko duen Suhar abesbatzarena. Horren aurretik, ziurrenik, mahai inguru bat ere egongo da.

Ganbara Faktoriako Hots eta Ganbara abesbatzek ere hartuko dute parte Aita Madina omentzeko egitarau honetan. Azaroan izango da hori. Arrasateko Txorbela otxoteak ere emanaldia egingo du Aitor Olearekin batera, baina data hori zehaztu barik dute oraindik.  

Kontzertuetako sarrerak bost euro balioko dute eta ohiko tokietan eskura ahal izango dira.

Erlazionatuak

Aita Madina hil zela 50 urte beteko dira aurten

Oihana Elorza Gorostiza 2022 ots 21 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak