Aita Madina hil zela 50 urte beteko dira aurten

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ots. 21a, 09:35

Ekainean dira 50 urte Aita Madina musika konpositore oñatiarra hil zela, baina bizirik daude haren obrak. Musika ondarea batu eta kontzertuak prestatzen ari dira urteurrenerako.

Zubillagako Txipitxalle baserrian jaio zen Patxi Madina Igarzabal (Oñati, 1907-1972), Aita Madina. Umetan sartu zen agustindarren komunitatean eta teologiarekin batera hasi zen musika ikasketak egiten. Oñatin egon ostean, Burgosen, Argentinan eta New Yorken ere ibili zen eta oso estimatua izan zen bere musika obrengatik. Buenos Airesen sortutako Saski Naski mugimenduan ere oso sartuta egon zen. Nestor Basterretxea artista, Nikanor Zabaleta harpa-jotzailea eta Jose Manuel Azkue organista famatua, adibidez, lagun eta jarraitzaile izan zituen. Ekainean beteko dira 50 urte hil zela, eta urteurrena prestatzen ari dira.

Eskuz idatzitako partiturak artxiboan

Pisu eta sona handiko konposatzailea izan zen Aita Madina eta haren heriotzak oihartzun handia izan zuen. Jende asko etorri zen haren hiletara, eta, agustindarren elizan egin ordez, San Miguel parrokian egin zuten, eliza handiagoa zelako. Oñatiko Irrintzi otxoteko kideek eraman zuten zerraldoa eliza batetik bestera. Otxoteendako pieza asko idatzi zituen Aita Madinak eta horiek kantatzen txapelketa bat baino gehiago irabazi zituen Oñatin sortutako Irrintzi otxoteak, 1960ko hamarkadan, otxoteen goraldian.

Esteban Irusta, Paulo Anduaga eta Loli Ordoki.

Gizonezkoen ahotsetarako ez ezik, abesbatzendako, orkestrarako, operak... askotariko obrak idatzi zituen Aita Madinak eta lan horiek inork baino hobeto ezagutzen ditu Xabier Ugarte musikari oñatiarrak. Makina bat aldiz egon da haren lanak gordeta dauden artxiboan, agustindarren elizako goiko pisuan. Artxiboa ordenatzen hasi zen duela pare bat urte eta urteurrenaren data etorri da parean. Jotxo Larrañaga izan du lagun ekimen honetan eta originalak, kopiak, pianorakoak, organoarekin jotzekoak... sailkatzen ibili dira; obra guztiak eskaneatu dituzte. "Eresbilekoekin ere jarri gara harremanetan eta asmoa da haren esku uztea Aita Madina zenaren musika ondarea. Hala ere, artxiboa Oñatin mantentzea da planteamendua, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, hain zuzen ere", dio Aita Madina talde eragileko kide Jotxo Larrañagak.

Aita Madina.

Azken hilabeteetan musikari asko izan dira Aita Madinaren artxiboan haren lanak bertatik bertara ikusten eta partiturak eskuetan hartu eta momentuaz gozatzen. "Gaur egun digitalizatuta dauden partiturak izaten dituzte esku artean musikariek eta hemen, ordea, eskuz idatzitakoak daude, originalak, eta harrituta gelditu dira. Obra batzuetan, adibidez, pentagramen ondoan, Nestor Basterretxeak eskuz egindako marrazkiak edo irudiak ikusten dira. Baita berak eskuz egindako konponketak edo apunteak ere. Eresbileko Jon Bagües eta Pello Leiñena, Josu Okiñena piano-jotzaile donostiarra, Aitor Olea organista edo Enrike Solinis gitarrista izan dira, besteak beste, artxiboa ikusten".

Musikeneko orkestra sinfonikoa otsailaren 11n, Unai Urretxok zuzenduta. (Argazkia: Musikene)

324 obra katalogatuta

Oñatiko musika bandako eta Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biainek 13 bat urterekin Oñati abesbatzan sartu zenetik entzun du Aita Madinaren izena, eta haren lanak ikertu ditu ikerketa musikalaren gainean egindako ikasketen barruan. "Aurretik bazegoen Aita Madinaren lanen funts bat, duela urte batzuk Udalak eginda. Baina musika irizpiderik gabe zegoen egina eta dokumentuak baino ez ziren. Irizpide batzuk jarri eta horien arabera, artxiboko obra bakoitza hartu eta katalogatzen hasi nintzen. 324 katalogatu ditut. Horietatik 291 daude artxiboan, beste 33 obra galduta daude. Irakurri dugu horien berri lehengo egunkarietako artikuluetan, adibidez, baina obrak ez ditugu ikusi. Badaude oraindik ezagutzen ez diren piezak ere". Horren adibide bat da, esaterako, joan den zapatuan, Donostian, Musikeneko orkestra sinfonikoak egindako kontzertuan jo zuten Tetraludium. Unai Urretxo arrasatearrak zuzendu zuen kontzertua, eta, Madinaren lanaz gain, Jesus Guridiren, Pablo Sorozabalen eta Francisco Escuderoren obrak ere jo zituzten. Lau euskal konpositoreen senideak izan ziren emanaldian, baita Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, eta Oñatiko kasuan, Aita Madina talde eragileko Jotxo Larrañaga eta Udaleko Kultura zinegotzi Iñaki Olalde.

Aita Madinaren etxekoak, beste konpositoreen senideak, Oñatiko ordezkaritza eta agintariak zapatuan Musikenen. (Argazkia: Musikene) 

'Aita Gurea'

Aita Gurea da, ziurrenik, Aita Madinaren obrarik ezagunenetako eta kutunetako bat. Buenos Airesko Lagun Onak abesbatzara bidali zuen, baina bere izenarekin sinatu ordez Pablo Sorozabal entzutetsuarenarekin sinatuta, bere lanak oso aurrerakoiak zirela uste zutelako askok eta eztabaidak zeudelako. Baina estreinaldi egunean bertan heldu zen Sorozabal Argentinara, eta egindako tranpa kontatu zion oñatiarrak; umorez hartu zuen donostiarrak. Buenos Airesko Metropolitana katedralean estreinatu zuten, egilearen izena erabiliz, 1947ko apirilean. Hamar urte geroago, 1957an, jo zuten pieza hori, lehenengoz, Euskal Herrian. "Oñatiko parrokian, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta Bilboko Arriagan egindako kontzertuetan izan zen, Bilboko orkestra sinfonikoarekin eta Bergarako Jose Mari Gonzalez Bastidak zuzenduta. Aita Gurea eta Arantzazu, obra biak estreinatu ziren emanaldi haietan", du gogoan Aita Madina ezagutu eta haren lanak organoarekin mila aldiz jo dituen Esteban Irustak.

ARGENTINAN ESTREINATU ETA HAMAR URTERA ENTZUN ZEN 'AITA GUREA' HEMEN

"Agustindarretan ezagutu genuen, Oñatin, eta oso modernoa eta irekia zen garai hartarako. Horrelakoak dira bere lanak ere. Marrazten eta idazten ere ona zen, artista osoa zen. Bere musika barruraino sartzen zait niri eta beste askori ere bai. Maiz gertatu zait haren pieza bat jo ostean jendea galdezka etortzea, gustatu zaiolako. Jose Manuel Azkue eta Burdeosko katedraleko organo jotzailea, tartean". Pieza hori jo zuten, esaterako, Aita Madinaren hiletan ere. Baita Lauda sion ere, egileak Corpus egunean abesteko eskaerarekin idatzi zuen pieza eta egun, oraindik ere, jotzen dutena Oñatin, Corpus egunean. "Arantzazu ere abestu nuen. Orduan ez zegoen mikrofonorik, eta ondo entzuteko moduan jarrita abestu nuen", du gogoan Loli Ordokik. Madina zalea da Ordoki, "indar berezia duen musika" egiten duela dio. Oñati abesbatzarekin askotan kantatu ditu bere obrak.

Jabi Erostarbek urteurrenerako egindako logoa.

Ospakizunak aurten

Ekainaren 30ean 50 urte beteko dira Aita Madina hil zela. Udalak 12.500 euro jaso zituen aurrekontuetan haren heriotzaren urteurrenerako eta dagoeneko lanean ari den talde eragile horrek erabiliko du kopuru hori ospakizunetarako. "Ekainean, adibidez, kontzertu pare bat egingo dira, abesbatzarekin eta organoarekin bat eta organo hutsarekin beste bat, Amaia Azpiazuk abestuta. Uda ostean, berriz, Arantzazun bat eta Oñatin beste bat, Esteban Urzelaik zuzenduta", dio Larrañagak. Logo bat ere egin dute urteurrenari lotutako ekitaldietan erabiltzeko; Jabi Erostarberena da.

----------------------------------------------------

Loli Ordoki: "Begiak itxita abesten ditut Madinaren lan kutunak"

Loli Ordokik ez zuen Aita Madina ezagutzen. Aita Gurea lehen aldiz kantatu zuen egunean, baina, zeharo maitemindu zen konpositore horren lanekin.

Nola heldu zitzaizun bere musika?

Jose Mari Arzuagak Madinaren obra bat abestu behar nuela esan zidan behin. Berak eta Julian Zelaiak lagundu zidaten Endetxa prestatzen. Oñatiko Shola Cantorum abesbatza mistoarekin eta Donostiako orkestrarekin izan zen. Aita Gurea ere orduan abestu nuen, Unibertsitateko klaustroan, eta deskubrimendu bat izan zen niretako pieza hori. Orduan sentsibilizatu nintzen berarekin. Sehaska hutsa Gabon kanta ere oso kutuna dut, bizipen batekin lotzen dudalako. Tolosan abestu genuen behin, eta sekulako oihartzuna izan zuen prentsan.

Noiz ezagutu zenuen bera? 

Oñatira etorri zen batean plazako arkupetan paseoan ari zela ikusi nuen, baina ez nintzen ausartu berarengana joaten, gehiegi zen niretako. Handik urte batzuetara gaixorik zegoela etorri zen etxera, eta Imanol Muruari eskatu nion laguntza hara joateko bera agurtzera. Bere Aita Gurea abesten zuena ni nintzela esan zion Muruak, eta hunkitu egin zen. Bazuen nire berri.

Sorpresa bat ere eman zenion.

Arantzazu partitura hartu eta Pello Zabalarengana joan nintzen, berak organoarekin jo eta nik abestuta grabatzeko. Kasete txiki batean grabatu genuen eta Aita Madinari jarri nion. Sekulako sorpresa hartu zuen eta ikaragarri hunkitu zen. Bere hiletan abestu nion berriz. Aita Gurea eta Arantzazu begiak itxita kantatzen ditut beti.

Eta behin, Arantzazura bidean...

Senarrari eta biori palan jokatzea gustatzen zitzaigun. Behin, Arantzazura nindoala, palekin, Aita Madina ikusi nuen harrobi parean oinez Arantzazu aldera, beste gizon batek lagunduta. Gelditu nintzen agurtzera, eta esan zion lagunari: "Nire bakarlaria da hau, nirea". Sekulakoa izan zen hori niretako. Bere musika barruraino sartzen zait niri, benetan bizi dut, eta hori entzutea ikaragarria izan zen niretako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak