Landaketen ostean zuhaitz gaztez inguratuta dago Natur Eskola, eta Aldakiñon animaliendako hiru janleku berri daude

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 6a, 15:05

Zuhaitz azoka egin zuten atzo Oñatin, eta neska-mutikoendako zuhaitz landaketak gaur. Natur Eskolaren ingurumen jardunaldiek askorako eman dute. Bultzatzaileak pozik daude izandako erantzunarekin.

Atzoko zuhaitz azoka euripean egin zuten Oñatin, baina jendea ibili zen eta espezializatutako hainbat mintegi izan ziren herriko plazan goiz osoan zehar. Gaur goizean atseginagoa izan da eguraldia eta giro ederrean joan dira bai zuhaitz landaketak bai Aldakiño basoan egindako paseotxoa.

Zuhaitz landaketa izan da gaur lehenengo egitekoa. Natur Eskolaren buelta osoan landatu dituzte zuhaitzak horretarako propio gerturatu diren herritarrak. Familiak ziren asko, Txantxiku ikastolako irakasleak ere bazeuden tartean. Arropa eta oinetako egokiak jantzi eta aitzurra eskuan landaketak egiten joan dira Natur Eskolako hezitzaileen laguntzarekin.

Alde batetik haritzak landatu dituzte, eta bestetik fruitu gorriak ematen dituzten eta gizakiendako jangarriak diren landareak. Hala nola, arranpaloak edo grosellak, masustak, ahabi edo arandanoak, eta franbuesak. Batzuek udaberri honetan emango omen dute fruitua. Beste batzuek askoz ere denbora gehiago beharko dute. Interesgarria izango da jarraipena egitea.

Haritz mintegia martxan

Haritz mintegia egin nahi dute Natur Eskolaren atzeko aldean, eta martxan dela azaldu du Aimar Uribesalgok. "Aurten eskolekin asko egin dugun gauza bat izan da ezkurrak batzea, zaintzea. Landarea eman dutenak landatu ditugu gaur". Uribesalgok azaldu du ezkur batzuk plazan dagoen haritzondoak emandakoak direla –Gernikako arbolaren ondorengoa–, eta beste batzuk, berriz, Berezaon jasotakoak direla. "Ikasleren batek bere landare propioak ere ekarri ditu gaur hemen landatzeko. Lan polita egin dute umeek", esan du. 

Handik zein hemendik, kontua da haritz mintegia martxan dela, eta asmoa da landareak handitzen badira garaia etorritakoan beste nonbaitera leku aldatzea.

Hiru janleku berri Aldakiñon

Landaketa kontuak amaituta eta hamaiketakoa prestatu bitartean Aldakiño aldera egin du taldeak. Misioa zen hiru janleku jartzea; bat txoriendako eta bi katamixarrendako. Janlekuak janariz ondo bete, eta basoan barrena egin dute. Denen artean erabaki dute janlekuak non ipini, eta ondo jartzea izan da hurrengo egitekoa.

Ibilbide horretan zuhaitz amerikarraren gaineko zenbait azalpen eman ditu Uribesalgok. Azaldu du ez dela bertako zuhaitza eta lekua kentzen diela bertakoak direnei. "Asmoa zen kimu txikiak kentzea, baina denbora faltagatik ez dugu gaur egingo", azaldu du. Beste batean beharko du.

Lanak eginda ondo baino hobeto sartu da Natur Eskolan prestatutako hamaiketakoa.

Erlazionatuak

Ohi baino apalxeago, baina ondo joan da zuhaitz azoka

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022 mar 05 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak