Azkena baino %13 handiagoa izango da datorren urtekoa eta horrek ondasun eta zerbitzu erosketak handitzeko aukera emango du, alkatearen esanetan, eta "orain arteko zerbitzuak mantendu eta hobetzeko helburua" du aurrekontu honek.
Udal Gobernuak uste du orekatua dela eta pozik dago oposizioaren erantzunarekin, nahiz eta kontrakoa izan, egindako zuzenketetan ez dutelako euren proposamenik "sobran" ikusi.
EAJk egindako proposamenetako batzuk jaso dituzte aurrekontuetan, esaterako: kirol ekipamenduen kokalekuen aukeren inguruko azterketa egitea, Olakua auzoan errekaren arriskua aztertzea eta auzoetako argiteria aztertzea eta hobetzea, auzo konkretuetan sartu barik. Proposamenak gehiago lantzea eta medioetan publiko egin aurretik kontrastatzea ere eskatu zion EH Bilduk EAJri. Jeltzaleen adierazpenak ezin hartu izan zituen GOIENAK, ordurako joanda zeudelako, baina adierazi zuten ondo ikusten dutela horiek onartu izana. Gaineratu zuten, baina, 2021eko gerakina zertan erabili erabakitzerakoan euren proposamenak kontun hartzea eskatu zutela, eta erantzuna ezezkoa izan zela maileguak zuelako lehentasuna. Horren aurrean, egindako proposamenendako diru partidak zehaztu behar direla erantzun zuen Udal Gobernuak, eta bakoitzak bere lehentasunak izatea normala dela.
2,6 milioi inbertsioetarako
18,8 milioikoa da 2022ko Oñatiko aurrekontua eta inbertsioetarako 2,6 milioi izango dira. Azkoagaineko belar artifiziala aldatzea, San Lorentzo eta Olakua auzoetako irisgarritasun lanak, merkataritza biziberritzeko planaren jarraipena, Urrutxun atletismo pista baten proiektua abian jartzea, eguneko zentro arinaren zerbitzua eskaintzea eta herriguneko zenbait etxe jatorrizko izenez identifikatzea. Horiexek dira 2022rako asmoetako batzuk.
Bi mozio Urbieta baserri pareko biribilgunea dela eta
Aurrekontuak onartzeaz gain, bi mozioen inguruko erabakia ere hartu zuen atzo udalbatzak. Urbieta parean Aldundiak egin gura duen biribilgunearen ingurukoak biak. Urbieta baserrikoek eskatu zioten Udalari bere egiteko euren eskaera, gero Aldundira bidaltzeko. Hau da, Goribarko biribilgunea egiteko beste aukera edo irtenbide batzuk aztertzea. Kanpizelai baserrikoek, berriz, eurek ere euren lurretan ez dutela biribilgunerik gura adierazi zuten eta proiektu horren eskumena Aldundiarena dela, eta ez Udalarena.
Mozioen bozketan, EAJ abstenitu egin zen bietan argudiatuz beraiek ez direla bileretan egon eta jakin gurako luketela zer adostu zen horietan eta ez dutela ulertzen nola heldu den gaia osoko bilkurara mozio bidez. Hala ere, aukerak eskatzearen alde daudela adierazi zuten. EH Bilduk mozio bien aurka bozkatu zuen. Argudiatu zuen mozio kontrajarriak direla, bakoitzak bere interes partikularretik egindakoak, eta Udala ez dela modu horretan posizionatuko, ez dutelako ikusten interes orokorraren ikuspegitik egindako eskaerak direnik. Gaineratu zuen eskumena Aldundiarena dela eta azterketan egitea berriz eskatuko diola.
Urteko azken osoko bilkura
Abendukoa izan ohi da urteko osoko bilkura luzeena Oñatin, eta aurten ere horrela izan da; ia hiru ordu iraun zuen. Karmelo Guridi zinegotziak kargua estreinatu zuen eta Santa Anara, Zubikoara, San Martin egoitzara edo Kultura Etxera sartzeko COVID ziurtagiria eskatzen hasita dauden moduan, udaletxera sartzeko ere eskatu zuten.