Auzoei eman diete lehentasuna jeltzaleek, 2022ko aurrekontuei egindako emendakinetan

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko abe. 8a, 09:09

EAJko udal taldea osoko bilkuren aretoan (Argazkia: Oñatiko EAJ).

Sei bloketan banatuta, hogei emendakin egin dizkio EAJko udal taldeak EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuak egindako 2022ko aurrekontu aurrerapenari. "Landa zein hiriko auzoei lehentasuna" eman diete jeltzaleek.

Euzko Alderdi Jeltzaleko udal taldeak hogei emendakin egin dizkio EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuak egindako 2022ko aurrekontu proposamenari. "Gehienak berriak diren arren, gure proposamen batzuk urteetako ibilbidea dute, behin eta berriz egiten ditugu Oñatirentzat benetako beharra izaten jarraitzen dutelako, eta gaur egun oraindik ez direlako kontuan hartu", diote jeltzaleek prentsa ohar bidez. Herriko auzoei, landakoak zein hirikoak, eman die lehentasuna.

Irisgarritasuna eta argiteria

Jeltzaleek egindako zuzenketa hauek, guztira, "1.087.000 euroko inbertsioa eskatzen dute". Sei bloketan banatu dituzte egindako emendakinak eta diote "oñatiarrak eta haien beharrak erdigunean jarriz" egin dituztela. Oñati "iraunkortasunaren bidean" jartzeko, esaterako, 360.000 euroko inbertsioa behar dela adierazi dute jeltzaleek, batik bat auzoetan erabiltzeko. Olakuako eta Olapotoko irisgarritasun proiektua aipatzen dute hor, esaterako: "Auzo horien segurtasuna bermatzea lehentasunezkoa izan behar duela uste dugu. Izan ere, orain arte Olakua auzoari lehentasuna eman zaion arren, uste dugu Olapotok ere behar handia duela gaur egun. Oso egoera txarrean dago eremu osoa, eta, gainera, ibaira erortzeko dagoen arriskua azterketa ere egin behar da". Landa-eremuetako argiak hobetzeko beharra ere aipatu dute, Murgian eta Berezaon bereziki. Auzoei lotuta, bestalde, horietan inbertsioak egiteko partida handitzea proposatzen dute, 164.000 euro. Torreauzoko bidegorriari irtenbidea ematea ere gura dute, "jatorrizko proiektua berreskuratu eta zubi berria eginez" eta baita Zubillagako trenbideko zubia aldatzea ere.

Digitalizazioa sustatu

Aurreko urteetan egin duten moduan, Oñati "Euskadi Lagunkoia" programara atxikitzea eskatu dute jeltzaleek berriro. Baita Arantzazuko komunak konpontzea edo elkarrekin bizitzeko herritarren bizikidetza taldea sortzea.

Baserriko produktuen salmenta digitala sustatzeko plataforma sortzea eta merkataritzaren digitalizazioa indartzea ere proposatu ditu, "bonuen kanpaina esperientzia moduan hartuta". Eguneko zentro arinaren kokalekua "finkatu, aurkitu eta egokitu" ere gura dute. Azterketa garaian kultura etxeko gelak zabaltzea eta Azkoagaini irtenbidea emateko azterketa egitea ere eskatu dute. Baita 2022-2023 urteetarako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua egitea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak