Hori horrela, Izaro Elorza alkateak eta Xabier Igartua Ogasun Saileko batzordeburuak adierazi dute datorren urteko inbertsioen partidak bikoiztu egingo direla, guztira 2,6 milioi euro bideratuz. Partidarik handi bat, 600.00 eurokoa, San Lorentzo eta Olakuako irisgarritasun faseetarako izango da. HAPOaren garapenerako 106.000 euro jarriko dituzte, eta argiteria publikoan 120.000, besteak beste.
Proiektu esanguratsu batzuk
Pertsonen eskubidea, bizi-kalitatea eta ongizatearen onurarako, orain arteko zerbitzuak mantentzeaz gain, Eguneko Zentro arina deritzon zerbitzua sortuko dute, adineko pertsonei begira.
Kulturan emakume sortzaileen lana lehenetsi, herriko eragileen lana aitortzeko dirulaguntza eta sormen atala indartu, Santa Ana antzokian zenbait egokitzapen egin eta Aita Madinaren 50. urteurreneko ospakizunetarako partida bat bideratuko dute.
Euskarari dagokionez, Ingo Xonau ekimenaren jarraipena eta hurrengo fasea lagunduko dute. Bestalde, herriguneko zenbait etxe jatorrizko izenez identifikatu eta horiek bistaratzeko proiektu bat landuko dute.
Partaidetzazko Aurrekontuen prozesu berria ere martxan jarriko dute, "aurreko prozesuarekiko hobekuntzak txertatuta".
Kirol arloan bi proiektu nagusi dauzkate esku artean: Azkoagaingo belar artifiziala aldatzea eta Urrutxuko kirol gunean atletismo pista bat egiteko proiektua abian jartzea.
Pandemiak herriko egoera sozioekonomikoa nabarmen aldatu duenez, "berriki egindako Merkataritza eta Turismoko plan estrategikoen garapena izango da nagusiki bultzatu beharrekoa".
Hezkuntzan, Oñatiko Ikastetxeen elkarlana eta metodologia berritzaileetan oinarritutako proiektu hezitzaileak babestuko dituzte. Haur, gaztetxo eta gazteenen artean sorturiko integrazio beharrak ere lantzea da asmoa.
Auzoetako inbertsioak %9 igoko dituzte, tartean ur eta saneamendu proiektuak bideratzeko partida berria sustatuz.
Aurrezki positiboa
Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatze aldera, 2,1 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango luke aurrekontu proiektuak.