Gomiztegiko harrobiaren handitzeari lotutako parte hartze prozesua egingo da

Maider Arregi 2021ko ira. 3a, 11:24

Oñatiko Udalak Hiri Antolaketarako Arauetan aldaketa puntuala egin gura du, enpresak baimena duen eremuan bakarrik ustia dezan. Irailean parte hartze prozesu bat jarriko du martxan horren berri herritarrei emateko.

Gomiztegiko harrobiaren handitzea galarazi guran, aldaketa puntuala egingo du Udalak Hiri Antolaketarako Arauetan, eta parte hartze prozesu bat jarriko du martxan horren berri herritarrei emateko eta, bide batez, herritarren iritzia jasotzeko. Irailean zehar egingo da prozesua eta asmoa da hileko osoko bilkuran onartzea egin gura den aldaketa.

Baimena mugatu

Arantzazura bidean dagoen Gomiztegiko harrobia ustiatzen duen Aridos Aloña enpresak harrobia handitzeko proiektua du, eta hori galarazteko neurriak hartu zituen Oñatiko Udalak. 2018an, EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak ontzat eman zuen harrobia ez handitzeko Oñatiko Udalak hiri antolaketa arauetan egindako aldaketa. Ingurumen txosten bat aurkeztu zuen orduan, eta, hori onartuta, handitzeko mamua uxatu egin zen, eta bide administratiboa bukatu. Bide judizialetik jarritako errekurtsoari erantzuteko, prozesu bera egingo du orain Udalak, lehen aurkeztutako ingurumen txostena osatuz. "Orain, errekurtso bat onartu du auzitegiak, eta, herritarren mandatuari helduta jarraituz, erantzun bat ematea dagokigu", azaldu du Izaro Elorza Arregi Oñatiko alkateak.

Parte hartze prozesua

Parte hartze prozesua irailean egingo da. Informazio saio orokorra egingo da irailaren 14an, 18:30ean kultura etxean; eta 21ean Aholku Kontseiluaren bilera egingo dute.

Bitartean, irailaren 1etik 20rako tartean, Udalak proposaturiko aldaketaren bueltako ekarpenak aurkezteko aukera izango dute herritarrek; webgunean dago ikusgai dokumentazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak