Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko protokoloa sinatu dute

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 13a, 14:02

Oñatiko Udalak, Osakidetzak eta Barne Sailak parte hartzen duten protokoloa da eta gaur, astelehena, egin dute sinadura ekitaldia hiru erakundeetako ordezkariek. Helburua da erantzun integral bat ematea erasoa jasaten duenari.

2016. urtean burutu zen emakumeenganako indarkeria matxistaren inguruko diagnostikoa Oñatin. Diagnostiko honek erakutsitako gabeziei edo hobetu beharrekoei erantzuna eman asmoz, indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan, biktimen arretan eta esku-hartzean eragiteko jardute irizpideak landu eta adostea erabaki zuen udalak. 2017an hasi eta 2019an amaitu den prozesu honek, hiru dokumentu eman ditu emaitza gisa: erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa, udaleko zerbitzu ezberdinetatik egiten den esku-hartzeak emakumeen ahalduntzean eragin positiboa izateko irizpideen bilduma, eta erantzun publiko instituzionalerako protokoloa. 2019ko otsaileko osoko bilkuraren onarpenarekin, azken biak martxan daude dagoeneko. Gaur goizeko ekitaldian, instituzioen arteko koordinaziorako protokoloa sinatu da.

Oñatiko Udaleko departamendu desberdinen, Ertzaintzaren eta Osakidetzaren arteko elkarlana da protokolo hau eta udaleko talde politiko guztien babesa jaso du.

"Gaur sinatutako dokumentu hau, arreta hori hobetzeko azken hiru urteetan eginiko lanaren emaitza da. Protokolo honen helburu nagusia, koordinazio mekanismoak finkatu, irizpide bateratuak ezarri, eta herritarren inplikazio aktiboa bilatzeko bitartekoak ezartzea da", esan du Izari Elorza alkateak. Lan honetan aritu diren guztiei eskerrak eman die Elorzak.

Alkateak gaineratu du protokolo honen hitzartzea "etengabeko hobekuntza neurriak adosteko oinarria ezarriko duen bitarteko nagusia" izatea gura dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak