Indarkeria matxistaren aurrean, erakunde arteko protokoloa

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko mai. 17a, 12:24

Erakunde arteko koordinazio protokoloaren aurkezpena egin dute Oñatin, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko, herriko elkarteetako ordezkariei eta norbanakoei zuzenduta.

2016an hasi ziren Oñatiko indarkeria matxistaren diagnostikoa egiten eta hortik atera zituzten ondorio eta emaitzak kontutan hartuta egin zuten proposamenetako bat izan zen hain justu, erakundeen arteko koordinazio protokolo bat egitea.

2013 eta 2015 artean, esaterako, Ertzaintzak emandako datuen arabera, Oñatiko emakumeen 35 espediente zituzten irekita, horrek ez du esan nahi 35 emakumek jarri zituztenik salaketak, emakume batek salaketa bat baino gehiago jar dezakeelako. Espediente horien %66a genero indarkeriagatik jarritakoak ziren, eta %33a etxeko indarkeriagatik. Eskatu ziren hogei aldentze aginduetatik gainera, 15 onartu zituzten.

Udaleko gizarte zerbitzuetara, berriz, 2013tik 2015era bitartean hamabost emakume gerturatu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko jatorria zuten horietatik %80k. Eta seme-alabak zituzten %54ak.

2017an hasi ziren erakundeen arteko koordinazio protokoloa garatzen eta hiru ataleko protokoloa sortu dute: Udal protokoloa, jada onartuta dagoena eta udal eragileen funtzionamendua arautzen duena da lehenengoa. Hauxe dio Berdintasun teknikari Jone Arriolabengoak: “Protokolo honen helburua da Oñatiko instituzio desberdinak eta udalak dauzkan baliabideen arteko koordinazio bat ematea, ahalik eta erantzun bateratuena eman ahal izateko”.

Bigarrenik, politikarien aldetik erantzun instituzional publikoa emateko protokoloa ere sortu dute; eta Oñatiko Udala, Osakidetza eta Ertzaintza sartzen diren protokoloaren prozesuan daude murgilduta orain.

Geroz eta herri gehiago omen dira gaur egun halako protokoloak martxan jartzen dituztenak. Horixe adierazi du Oñatiko protokoloaren eraketa prozesuaren arduradun Susana Manzanedok: “Azkeneko urteetan herri askotan atera dituzte protokoloak, geroz eta gehiagotan. Pixkanaka koordinazio guztia hobetzeko asmoa daukaten erremintak dira”.

Garrantzitsu ikusi dute, protokoloan jasotakoak herritarrei zabaltzea, izan ere, indarkeria matxistaren prebentzio, detekzio eta arretan berebiziko garrantzia hartzen dute Oñati bezalako herri batean, herriko bizitzaren parte diren elkarteek, erakundeek eta bizilagunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak