Iritsi da 'La Trinchera infinita' filma Oñatira

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 1a, 12:39

Atzo estreinatu zuten La Trinchera Infinita pelikula Oñatin, eta kultura etxeko zine aretoa beteta izan zen. Aitor Arregi zuzendaria bertan izan zen filma aurkezten, eta ondoren, Oñatiko Udalaren partetik aitortza "xumea eta goxoa" jaso zuen. "Eskertuta" agertu da Arregi, herritarren, lagunen, familiaren eta ezagunen aurrean jasotako aitortzagatik.

"Momentu berezia izan zen, eta hala izateko bi arrazoi nagusi izan ziren. Batetik, oso polita da zure herrian zure pelikula aurkeztea, gertukoen, ezagunen, lagunen eta familiakoen aurrean, eta, bestetik, Oñatiko Udalaren partetik jasotako omenaldiagatik oso eskertuta nago. Aretoa ia beteta, Joseba Lasagabaster bertsolariaren bertso bat plaka batean jaso nuen, eta Izaro Elortza alkatearen eta kultura zinegotziaren hitzak ere. Ekitaldia xumea eta goxoa izan zen, gertukoa", adierazi du Aitor Arregi zinemagile oñatiarrak.

Aitor Arregiri eskainitako omenaldiko une bat.

Oñatiko Udalaren partetik, Aitor Arregi zuzendariak jasotako plakan bertsoa.

Emanaldi eta aurkezpen gehiago

Atzo, egubakoitza, 19:30ean eta 22:30ean izan zen filma ikusteko aukera kultura etxeko zine aretoan, gaur, zapatua, ere, toki eta ordu berean eskainiko dituzte beste bi emanaldi, eta baita bihar, domeka eta astelehenean ere. Domekako bi emanaldietan Aitor Arregi zuzendariak aurkeztuko du filma eta iluntzeko emanaldiaren ondoren, solasaldi txiki bat egingo dutela aurreratu du zine zuzendariak.

Oñatin gainera, Bergaran eta Arrasaten ere izango da La Trinchera infinita filma ikusteko aukera: Bergarako Seminarixoan, azaroaren 8an, 10ean eta 11n, eta Arrasateko Amaia antzokian, azaroaren 16an eta 17an.

Erlazionatuak

'La Trinchera infinita' filma zinema aretoetan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019 urr 30 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak