ALBISTEAK

Herritarren babesarekin estreinatu du Iker Martinezek 'Lurralde berriak' diskoa

Mireia Bikuña 2019ko urr. 5a, 12:22

Musikari oñatiarraren bigarren bakarkako lana izan arren, Zaldi Herrenak izan ditu taula gainean. "Nire musika da. Nire bizipenak, nire istorioak, nire ametsak, nire barruko gauzak... Baina, lagun musikariekin batera, emanaldia osoagoa geratzen da", esan du Iker Martinezek.

Iker bera gitarrarekin, ahotsarekin eta tarteka, harmonikarekin, Jimmy baterian, eta Iñigo Ugarte, Iñigo Biain eta Joseba Aranburu gitarrekin. Formatu horrekin hasi du ibilbidea Lurralde berriak diskoa. Herritarren eta senitartekoen aurrean aurkeztu du lana Marti-k. Bigarrena. Lehenarekin alderatuta, ezberdina.  "Disko irekiagoa dela esango nuke. Gauza ezberdinak sartu ditut. Ñabardura berriak ditu. Baina, oinarrian, bere bizipenak dira diskoaren funtsa", azaldu du.

Urduri eta gogotsu igo da taula gainera. "Etxean diskoa aurkeztea polita da, baina, nekeza ere bai. Lasai abestu gurako nuke. Barruan daukagun guztia eman, eta emaitza gustukoa izatea ere bai", esan du. Lurralde berriak diskoko kantuak jo dituzte, eta baita Iker Martinezen lehen disko kantu bat ere bai. Sorpresa ere egon da: bertsioak jo dituzte. Bruce Springsteen-en No Surrender, Tom Petiren I won't back down,  Sheryl Crown-en A change will do you good  eta Lenaoren Geltokian.

Gustua bukatu dute emanaldia, eta herritarren zorion mezuak ere jaso dituzte.

Taldearekin

Errosario jaietako emanaldian Zaldi Herrenak taldearen laguntza izan du. Formatu horrekin aurkeztu gurako luke lan berria. "Uste dugu talde formatuan asko irabazten duela kontzertuak, baina, oraingoz kosta egiten ari zaigu kontzertuak lotzea. Hortaz, beste aukera batzuk ere baditugu esku artean. Aretoen ezaugarrietara egokitu beharko gara", dio.

Hurrengo emanaldia Tolosako Bonberenea gaztetxean egingo dute, hilaren 18an.

Salgai

Diskoa saltzeko mahaia ipini dute emanaldiak iraun bitartean. Aurrerantzean, Elkar argitaletxearen dendetan, eta Oñatiko Aker eta Boga tabernetan egongo da salgai. Sare sozialetan ere entzungai dago.

Musikaria, gaztetatik

Iker Martinezek Latzen taldean hasi zuen musika ibilbidea. Ostean etorri ziren Potemkin, Amonal eta Lenao. Azken horrekin diskoa kaleratu zuen 2018ko irailean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak