Makilak jaso dituzte zortzi artzainek omenaldiz beteriko ekitaldian

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko mar. 1a, 14:11

22. ikasturteari amaiera eman diote gaur Gomiztegiko Artzain Eskolan, eta 2018/2019 ikasturtea bukatu duten zortzi artzainek euren makilak eta diplomak jaso dituzte.

Aurten zortzi mutilek jaso dituzte makilak. Bost bizkaitar –bat gambiarra jatorriz–, bi gipuzkoar eta nafar bat. Izan ere, azken ikasturtean ez da emakumerik egon Artzain Eskolan, eta bertako zuzendari Batis Otaegik "erronka emakumeak eskolara gerturatzen saiatzea" dela azpimarratu du "haiek ere ezinbesteko funtzio bete izan dutelako eta beteko dutelako artzainen munduan". Horrez gain, "aurten Artzain Eskolara inoiz baino jakinduria handiagoarekin heldu" direla ikasleak nabarmendu du Otaegik.

Diplomak eta makilak banatu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek artzainen garrantzia azpimarratu du, eta eskolak egindako lana goraipatu. Gainera, "erakundeak euren alde" izango dituztela ere gogoratu die sailburuordeak artzain berriei.

Horrez gain omenaldi bikoitza egin dute artzain eskolaren ikasturteko itxiera ekitaldian. Lehenik, Oñatiko Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster artzainei egin diete omenaldia, "beti artzain eskolarekin kolaboratzeko prest agertu direlako". Eta bestetik, ETBko Sustraia telebista saioari ere egin diote omenaldia, "hainbeste urtean nekazaritza eta abeltzaintza zaintzen eta hedapena ematen egoteaz gain, artzain eskolan egindako lana erakutsi duelako".

Bestalde, iaz zendu zen Joni Lopez Duarte artzain kanariarra omendu du Artzain Eskolak. Izan ere, Oñatin ikasi zuen Lopezek, eta bideo batekin agur berezia eskaini nahi izan diote kanariarrari.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak