Migel Zeberiok gidatutako orkestrak eraman zuen kontzertuaren haria, eta haiekin batera jardun zuten gainerakoek, abestiaren arabera. Euskal doinu ezagunak interpretatu zituzten –batzuk oholtzan ziren artistenak eurenak–, gehiengoarentzat hain ezagunak ez diren beste kanta batzuk ere bai, eta baita tibetar kulturako aleren bat ere.
Ederra izan zen, adibidez, Niko Etxartek kanta xiberotar bat a capella abestu zuenekoa.
Bi ordu pasa iraun zituen emanaldiak. Azken aldera, hurrengo hilean Nepalera abiatuko diren gazteak agertu ziren publiko aurrera, eta eskerrak eman zizkieten euren ekimena babestu duten guztiei. Euskaraz eta xerpa hizkuntzan eman zuten agurra.
Saioa amaitzeko, musikari eta abeslari guztiek elkarrekin jardun zuten.