Felipe Uriarte (mendizalea): "Zoragarria, alaia eta anitza izango da biharkoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ira. 15a, 10:05
Felipe Uriarte mendizalea da ekimenaren bultzatzailetariko bat. Argazkia: F.U.

Et Incarnatus orkestra, Ganbara abesbatza, Niko Etxart, Naia Robles, Petti eta Maider musikaria bihar, domeka, San Migel parrokian (19:00) egingo duten elkartasun kontzertuan. Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai ekimenaren alde eta proiektuan lagundu dutenak eskertzeko antolatu dute emanaldia. Felipe Uriarte da ekimenaren bultzatzailetako bat.

Sekulako kartela prestatu duzue.

Beste izen batzuk ere izan ditugu eta penaz daude ezin direlako etorri, baina datozenekin ere oso pozik gaude. Berezia eta bakarra izango da. Migel Zeberio zuzendariak eta haren orkestrak badute erraztasuna estilo eta jende ezberdinak josteko, eta egoera edo ekimen propio baterako neurriko kontzertuak egiteko. Zoragarria, alaia eta oso anitza izango dela esan dezaket.

Zelan doa sarrera salmenta?

Motel samar oraindik; nahiko genuke parrokia bete, baina ekitaldi asko daude Oñatin eta inguruan egun horretan. Sarrerak Txokolateixan eros daitezke eta egun berean parrokian, 12 eurotan; eta bost eurotan, 12 urtez beherakoentzat.

Kontzertua berezia da kartelari begiratuta, baina baita dituen helburuei dagokienez ere.

Halaxe da, bai; batez ere, euskara inguruan saretze lan bat egiten saiatzen ari gara ekimen horrekin; saretze lan hori, mendigoizaletasuna, Himalaia, tresna hartuta egin nahi dugu.

Hamabi gazterekin Nepalera joango zara, eta horien artean lau oñatiar daude: Amaia Ugarte, Igor Mugartza, Maddi Oyhagaray eta Malen Osa. Zelan ikusten dituzu?

Sasoian eta ilusioarekin. Urte osoan egin dute lan, mendira joaten, batzarrak egiten… Irteeratik hilabete eskasera gaude, joateko eta lan egiteko prest.

Zein da plana?

Urriaren 10ean abiatu eta azaroaren 8an etxeratzeko asmoa dugu. 24 eguneko ibilaldi luzea egingo dugu Everest inguruan dauden lau bailaratan zehar. 5.000 metroko hiru edo lau mendi egin gura ditugu, eta 6.000 metroko beste bat.

Mendizaletasunari dagokionez hori, baina beste lan batzuetara ere bazoaztela diozue.

Bai; hala da. Bideoak grabatuko ditugu, ETBk gero bi saio osatzeko; Euskaraldirako bideowassap-ak ere bidaliko ditugu; era berean, materiala lortu gura dugu bueltan Euskara-Nepal hiztegia plazaratzeko...

Egun luzeak izango dira, hortaz.

Egunero sei-zazpi ordu ibili eta gero lan horiek egiteko beste hiru bat ordu beharko ditugu.

Eta hori guztia, euskal eta Nepalgo gazteekin batera egingo duzue.

Hori da; kolore polita ematen dio horrek ekimenari. Gure hizkuntza gutxitua da eta xerpa herriko hizkuntza ere hasi da gutxitua izaten. Elkarlan polita izango da, asko ikasiko dugu. Ekimenari laguntzeko hainbat modu daude; adibidez, zabaldu berri duzuen crowdfunding kanpaina. Hala da, bai. Ulule.com atarian aurkituko duzue kanpainaren gaineko informazioa eta egin beharreko guztiak. Munduko euskal etxe guztietara zabaltzeko asmoa dugu kanpaina, eta horretan ari gara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak