Herribusa doan izango da datorren aste guztian, Mugikortasun Astearen barruan

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ira. 11a, 13:35

Hilaren 16tik 22ra bitartean ospatuko da Mugikortasun Astea eta hainbat ekintza egingo dira. Astelehenean, hilaren 17an, Eskolako Bidea ekimenaren barruan, juntalekuen aurkezpena egingo dute; zapatuan, hilaren 22an, Birzikleta Azoka egingo da hirugarren urtez; eta Herribusa doan izango da hilaren 17tik 22ra bitartean.

Mugikortasun Astea ospatuko da datorren astean Oñatin eta aurreko legealdian hasitakoari jarraipena emango diote.

Lehenengo ekintza astelehen goizean egingo dute Errementari plazan 10:30ean LHko 5. mailako ikasleen parte-hartzearekin. Hezkuntza Sailetik eramaten den Eskolako Bidea ekimenak ikusita mugikortasunarekin zerikusia duela, juntalekuen aurkezpen ekitaldia egingo dute.  Hala, umeek eta gaztetxoek eskolara joateko geralekuak izango dituzte aurrerantzean.

Eta eguaztenean ikastetxe inguruak eurendako hartuko dituzte; hau da, normalean autoendako espazioa izaten dena, auto barik egongo da, eta gaztetxoek erabiliko dituzte gune horiek beste ekintza batzuetarako.

Egun horretan bertan, eguaztenean, arratsaldez, En el aire izeneko dokumentalaren emanaldia izango da Kultura Etxean 18:30ean. Mugikortasun zinegotzi Irati Etxeberriak azaldu du Iruñean egin duten ikerketa bati buruzko ikus-entzunezkoa dela: "Batez ere hirigunean dabiltzan bizikletadunek jasotzen duten kutsadurari buruzko ikerketa erakusten dute bertan". Lan horretan ibili den ikerlarietako bat gainera, bertan izango da ondorengo solasaldirako.

Birzikleta azoka

Zapatuan, berriz, hilaren 22an, hirugarren urtez, Birzikleta azoka egingo dute goizean, Foruen Enparantzan. Zapatu honetan bertan egingo da lehen bilketa Foruen Enparantzan 11:00etatik 13:00etara bitartean aurrera. Eta datorren asteko martitzenean eta eguenean ere izango dute herritarrek aukera materiala eramateko –11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara–. Bizikletak, patineteak edo osagarriak eraman ahal izango dira, azokan saltzeko.

Herribusa doan, datorren astean

Bestetik, aste guztian zehar Herribusa doan izango da. Herribusaren kontratu berria, zortzi urtetarakoa, martxan jarriko da astelehenean, Herribusa eta domeketako Arantzazurako zerbitzuak bateratzen dituen kontratua izango da hori, eta hilaren 24an tarifa berriak sartuko dira indarrean.

Etxeberriak azaldu du aurrerantzean 5 eta 18 urte bitartekoek 40 xentimo ordaindu beharko dutela bidaiagatik, bonua erosten badute, berriz, bidaia bakoitza 20 xentimotan aterako zaie. 18 urtetik gorakoen tarifa mantendu egingo da; bidaia bakarra erosiz gero, euro bat ordaindu beharko dute, bonuarekin, berriz, bidaia euro erdian aterako zaie.

Gogora ekarri dute baita ere 0 eta 4 urte bitarteko umeak nagusi baten laguntzarekin joan behar direla Herribusean, eta Arantzazura egingo duen joan-etorrietan, bidean dauden jatetxetan eta geralekuetan gelditzeko aukera ere izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak