Arrikrutz-Oñatiko kobak Gipuzkoako sistema karstiko luzeena dira, eta espeleologia hastapenetan, arkeologia eta paleontologia azterketetan Euskadiko aitzindarietako bat. Zapatuan eta domekan hori barrutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, jardunaldi hauen baitan. "Zapatuan 53. galerian burutzen diren ohiko bisitak familiei bideraturiko tailerrez osatuak izango dira. Etxeko txikiak ikertzaile lanetan jarriko ditugu eta kobazuloko animalia ezezagun baina era berean ezinbestekoak diren troglobioak ikertu beharko dituzte, lupekin. Domekan, berriz, bisita turistikoa erdi prezioan egongo da", azaldu du Ikerne Altube Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduradunak.
Kobak bisitatzearekin batera, zozketa batean sartzeko aukera izango dute bisitariek. Oñatiko Arregi landetxean gau bat pasatzeko logela eta zortzi kobetarako doako sarrera izango dira sariak.
Altubek onartu du "ilusioz" ekiten diotela bederatzigarren edizio honi, eta herritar guztiak animatu nahi izan ditu jardunaldietan parte hartzera.
Lehoiaren hezurdura, Atapuercan
Bestalde, aurten 50 urte betetzen dira Arantzazuko seminarioko bi ikaslek leize-lehoiaren hezurdura osoa Arrikrutzen aurkitu zutenetik. Urtemuga hori dela eta, aurkitzaileetako bat den Iñaki Zubeldia eta aurkikuntza garrantzitsu hori gorpuztu zuen Jesus Altuna bidelagun hartuta ekintza desberdinak antolatuko dira urte osoan zehar.
Orain, Atapuercan dago hezurdura. Azterketa batzuk egiteko eraman dute –datazioa, gaur egungo lehoiarekin alderatzea eta abar...– eta ostean, Atapuercako Giza Eboluzioaren museoan egongo da ikusgai, martxoaren bukaeran hasi eta urrira arte. Hortik Donostiako San Telmo museora eramango dute.