Dagoeneko errotuta dagoen egitasmoa da Koben Eguna.
Hala da, bai. Ilusioz gaude bisitariei ongi etorria emateko. Denboraldiari hasiera emateko modu bat da, eta herritar guztiak parte hartzera animatu gura ditugu. Orain arte harrera ona izan dute jardunaldi hauek, eta ea aurten ere hala izaten den.
Zer lortu nahi duzue halako proiektuen bidez?
Gure lurrak, paretek eta labarrek asko eskaintzen digute, paleontologia aldetik aberastasun handia dute. Beraz, Koben Egunen helburua da historia azaltzea eta gure aurrekoek egindako guztia gogora ekartzea.
Zer eskainiko dute jardunaldi horiek bihar eta etzi?
Bihar, zapatua, 53. galerian burutzen diren ohiko bisitak familiei bideraturiko tailerrez osatuak izango dira. Etxeko txikiak ikertzaile lanetan jarriko ditugu eta kobazuloko animalia ezezagun, baina era berean ezinbestekoak, diren troglobioak ikertu beharko dituzte, lupekin. Domekan, berriz, bisita turistikoa erdi prezioan egongo da.
Bestalde, aurten 50 urte dira Arrikrutz-Oñatiko lehoiaren hezurdura aurkitu zutela.
Hala da. Arrikrutzeko lehoia pieza bakarra da penintsula osoan, eta balio handia dauka. Normalean, pieza osoa esaten zaio %60an osatuta dagoenari, eta kasu honetan, %98an dago osatuta hezurdura hau.
Orain Atapuercan dago, ezta?
Bai. Datazioa aztertuko dute, noizkoa den estimatu, eta gaur egungo lehoiarekin alderatuko dute.
Eta ondoren, zer?
Azterketa guztiak egin ostean, Giza Eboluzioaren museoan egongo da ikusgai, martxoaren bukaeran hasi eta urrira arte. Hortik Donostiako San Telmo museora eramango dute hezurdura.
Aste Santua ere ate joka dugu. Oñatiko Turismo Bulegoa hasiko zen honezkero prestatzen…
Hasi gara, bai. Informazioa zabaltzen ari gara, eta herriko hainbat ostatuetan ere erreserba batzuk eginda daude dagoeneko. Espero dugu eguraldiak laguntzea, eta turistak gure inguruak ezagutzeko gogoz etortzea.
Eskaintza berezirik baduzue Aste Santurako?
Egunero izango ditugu bisita gidatuak –Arrikrutzen, Txokolateixian...–. Horrez gain, Arantzazuz eta herriko inguruaz gozatzeko aukera ere egongo da. Azkenik, Pottoka Lekun behatokia zabalduko dute, baina hori aurrerago izango da.