Olaitturri Kultur Elkartekoek ere bat egin dute Oñatin egingo den Kilometroak jaiarekin, eta hala, irailaren 24an herriko historiarekin lotutako hiru antzezlan eskainiko dituzte Oñatiko zertzeladak izenarekin. 20 minutu inguruko hiru pieza izango dira, bakoitza herriko txoko baten. Zumeltzegi dorretxean 1542an kokatutako Gebaratarrekin lotutako emanaldia eskainiko dute; Sancti Spiritus Unibertsitateko klaustroan 1760an kokatutako amodiozko istorio baten epaiketa; eta Lazarraga jauregiko lorategian, 1845 Oñati Gipuzkoari anexionatu zitzaioneko kontaketa.
Antzezlanak Olaitturrikoek aurretik egindako obren nolabaiteko moldaketa laburtuak izango dira, eta idatzi dituen Iñazio Irizarren esanetan, Kilometroetara kanpotik etorriko direnei Oñatiren historiako pasarteak gerturatzeko aproposak dira.
Emanaldiak, doan
Olaitturrikoek lehenengo aldiz euskara batuan antzeztuko dute, eta antzezlan bakoitza hiru aldiz taularatuko dute irailaren 24an: 12:00etan, 13:00etan eta hiru 15:30ean. Modu honetan, interesa dutenek egunean zehar hirurak ikusteko aukera izango dute. 40 pertsona inguru ibiliko dira lanean antzezlanak aurrera eramateko, horietako 25 bat aktore lanetan, eta herriko 18 gaztetxok ere lagunduko dute. Gune bakoitzean 200 aulki jarriko dituzte, eta emanaldiak doan izango dira. Gura duenak, gainera, antzezlanak jasotzen dituen liburua ere erosi ahalko du guneetan bertan. Liburuarekin batera, Zumeltzegi dorrean gau bat pasatzeko zozketarako txartel bat ere oparituko dute
Mikel Egibar, Kilometroen koordinatzailearen esanetan, herriarekin antolatuak izatea, herriko aniztasuna erakustea eta kulturarako harrobia izatea dira Kilometroen hiru irizpide nagusiak, eta horiekin bat egiten du Olaitturrikoen ekimenak.
San Migel egunean, berriz
Kilometroetan bakarrik ez, herriko jaietan ere antzeztuko dute Olaitturrikoek Oñatiko zertzeladak. Irailaren 29an izango da hori, Santa Ana antzokian, eta hiru zatiak bata bestearen atzetik eskainiko dituzte. Emanaldia 19:30etan izango da eta kasu honetan sarrera erosi beharko da. Sarrerak Txokolateixan lortu daitezke dagoeneko, eta erosleek liburua eta zozketarako txartela ere jasoko dute.